euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro Oiarzabal Kalifornian dabil 'Fighting Basques' proiektua eta BMGko euskal soldaduen partaidetzaren berri ematen

2023/05/26

Sancho de Beurko Elkarteko Pedro Oiarzabal ikertzailea NABOko delegatuen aurrean mintzatzen joan den maiatzaren 19an Los Banoseko Biltzar Nagusian
Sancho de Beurko Elkarteko Pedro Oiarzabal ikertzailea NABOko delegatuen aurrean mintzatzen joan den maiatzaren 19an Los Banoseko Biltzar Nagusian

PUBLIZITATEA

Bakersfield, AEB. Pedro Oiarzabal, 2015etik hona egindako ikerlan jarraituan Bigarren Mundu Gerran (BMG) Estatu Batuetako armadarekin parte hartu zuten euskal jatorriko 1.100 soldadu eta borrokari identifikatu eta euren biografia idatzi dituen 'Fighting Basques: Bigarren Mundu Gerrako Oroitza' izeneko proiektuko ikertzaile nagusia da, eta Bakersfielden dabil aste honetan, joan den asteburuan NABOk Los Banosen egin zuen 2023ko Biltzar Nagusi eta 50. urterreneko elkarretaratzean parte hartu ondoren. Zerk ekarri du bidaia honetan Kaliforniara? Ikerlan horren berri zabaltzeak eta proiektua bukatu ahal izateko babesa lortzeak, eta baita urrats berri bat emateak ere, zentzua baluke eta programa bukatutakoan seguruenik 1.600 biografietara iritsiko den izen zerrenda hori Memorial batean kokatzea, eta euskaldunek egitea Estatu Batuetan, beste nazionalitate batzuek euren beteranoekin egin duten oroitzapen eta ohoratzea operazio bera, gizon-emakume haien faxismoaren kontrako borroka gogoan.

Oiarzabalek gaur bertan hartuko du parte CSU-Bakersfield (California State University-Bakersfield) unibertsitateko Euskal Ikasketa Institutuak antolatutako Simposiumean "BMGko Kern konderriko euskal beteranoak" izenburupeko hitzaldia emanez. Gogora dezagun joan den asburuan ere Oiarzabalek NABO Ipar Amerikako euskal erakundeen federazioaren Biltzar Nagusian hartu zuela parte eta bilkura hartan oso solas hunkitua izan zuela delegatu guztien aurrean Mayi Petracek federazioko diruzainak, mintzatu zelarik joan den martxoan Texasko hiriburu Austinera egin zuen bidaiak, NABOren ordezkari, parte hartzeko Texaseko Ordezkarien Ganberak estatu horretako euskal jatorriko BMGko beteranoei egin zien omenaldian, ganberak osorik eta aho batez, bertako hautetsi Rafael Anchia tarteko, ekimen hau ere Oiarzabalen eta bera kide den Sancho de Beurko Historia Taldearen lanean oinarritua.

Proiektua bukatzeko beharra

Izan ere lan hori Euskal Herritik egin du ikertzaile talde honek, baina babes ofizial falta handi batekin. Eta behar lukete bukatu ahal izateko. Oiarzabalek EuskalKultura-eus-i aitortu dionez, "Ikerketa duela zortzi urte hasi genuen eta hasi gara tunelaren azkeneko argia ikusten". "Zailena egin dugu eta azken txanpa falta zaigu orain ikerketa osoa amaitzeko. Horrek utziko gintuzke leku onean urrats berri eman eta xerkatzeko zer nolako bideragarritasuna izan dezakeen monumentu bat eraikitzeak omenaldi duin gisa totalitarismoaren kontrako borroka hartan partaide izan ziren euskaldunei". Ikerketa amaituta mereziko lukete eta mereziko luke posibilitate hori kontsideratzea.

NABOren Biltzar Nagusiak joan den astean, aho batez onartu zuen Batzorde bat sortzea aukera horiek guztiak ikusteko, lan hau amaitu eta delako Memorial horren egokitasuna tarteko. Pedro Oiarzabal Bakersfieldeko 'Kern County Basque Club' euskal etxea urtero antolatzaile duen Euskal Bestan izango da asteburuan, euskal etxe hau bakarra izan zela gerra urte haietan sorturik, asteburu honetako bere besta nagusi hau hain zuzen, Memorial Day weekend delakoan egiten duena —datorren astelehena da hemen Memorial Day, alegia Estatu Batuen alde eroritako militarrak gogoan dituen eguna— hildakoak gogoan eta horien artean, baita euskal jatorrikoak ere, Fighting Basques identifikatu eta biografiaz jantzi dituena. Orain, azkeneko biografia sorta bukatu eta publikoki ohoratzea legoke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia