euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro Mari Otañoren lana Argentinan ezagutzera emateko lanean jarraitzen dute olerkariaren oinordekoek

2007/12/29

'Gu ta Gutarrak' Otaño omentzeko liburuaren azalak bertsolariaren testuak eta ondorengoen diseinu eta itzulpena bateratzen ditu.
'Gu ta Gutarrak' Otaño omentzeko liburuaren azalak bertsolariaren testuak eta ondorengoen diseinu eta itzulpena bateratzen ditu.

PUBLIZITATEA

'Gu ta Gutarrak' liburuaren arduradunak Argentinako hainbat euskal etxeetan aurkezpen bira ekitaldiak egiten ari dira, Pedro Mari Otaño euskal poeta omentzen duen lanean sakonduz. Izan ere, Otañoren ondorengoen asmoa da familiarekin harremana izan zuten euskal etxe guztiek idazlanaren ale bana izatea. Paperezko gorazarre honek Otañoren lana oinarritzat hartuta bere ondorengoek idatziriko testu eta ilustrazioak jasotzen ditu, bertsolariaren hiru bertso paperekin batera.

'Gu ta Gutarrak' da Pedro Mari Otañoren omenez bere familiak burutu duen biltze lanaren emaitza. Otañoren irudiaren eta lanaren ezagutza zabaltzeko helburua duen ekimen honetan Otañotarrek Artaburu euskaltzale elkartearen laguntza jaso dute, euskara taldeak berea egin baitu difusioaren nahia. Hedatze saiakera honetan hainbat ekitaldi burutu dira jada, besteak beste, abenduan, Mar del Plata-ko Denak Bat euskal etxean burutu omenaldia edota hilabete hasieran Laprida-ko Arturo Campion Euskal Kultura eta Nazionalismoaren Ikasketa Zentroaren batzarrean egindako jende aurreko aurkezpena. Proiektuaren bultzatzaileak, bestalde, lanaren kopiak banatzen ari dira familiarekin zerikusia izan duten banako eta instituzioen artean, hala nola, alerik jaso dutenetakoak dira euskal etxe ezberdinak, Argentinako Euskal Kultur Etxeak, Segurako (Gipuzkoa) Ipar Hegoa elkartea edota EuskalKultura.com.

'Gu ta Gutarrak' liburu-omenaldi honen jatorria 2004 urtean dago, urte horretan betetzen baitzen Otañoren 'Alkar, poesias escogidas' argitaratzearen 100. urtemuga, aipaturikoa poeta bizirik zela plazaratutako olerkien bilduma bakarra izanik. Mugarri horren harira Magdalena Moujan Otañok, bertsolariaren bilobak, euskal autore honen lana hedatu eta ezagutarazteko proiektuari ekin zion. Horretarako, baina, olerkariaren beraren lanarekin batera ondorengoen euskal gaia duen produkzio artistikoa jasotzeko asmoa agertu zuen Moujan-ek beste senitartekoen laguntzaz. Zoritxarrez, sorta prestatzen ari zela zendu zen egitasmoaren sustatzailea. Hala baina, handik denbora gutxira haren lehengusinak, alegia Susana Ardanaz Otañok, hartu zuen lekukoa eta iazko abenduan itxi zuten argitalpena.

Otañotarren lan kolektiboa

Arestian aipatu legez, Otaño eta haren oinordekoen lanak biltzen ditu ‘Gu ta gutarrak’-ek. Are gehiago izenak berak batzen ditu bi eduki motak, horrek ematen baitie izenburu bai bertsolariak idatziriko olerki bati eta baita liburuak jasotzen duen Magdalena Moujan Otañoren ipuin bati. ['Gu ta Gutarrak' Mar del Plata-n aurkeztu zenean ateratako argazkia, Susana Ardanaz Otaño (liburuaren sustatzailea), Ana Maria Irigoyen (Euskal Etxeko kidea) eta Veronica Domingo (Artaburu Euskaltzale Taldea) (argazkia V.Domingo)]

Idazkiaren orrien artean zientzia-fiktziozko kontakizunak, narrazio historikoak eta ipuinak aurkituko ditu irakurleak, horiek guztien ardatzak direla euskal gaiak eta pertsonaiak. Izkribu hauen eta sortak jasotzen dituen Otañoren inguruko bi hitzaldien testuen egilea zendutako Magdalena Moujan dugu. Azalak berriz, omenduaren beraren aportazioa, María Teresa bere alabarena zein Hector Pedro eta Susana Ardanaz Otaño biloben lanak jartzen ditu batera.

Bertsolari herritarra

Pedro Mari Otaño Zizurkilen (Gipuzkoa) jaio zen 1857an eta Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil zen 1910an. Bertsolari herritarra zen Otaño, baina oso jantzia, aldi berean, literaturarako joera handikoa eta oso ezaguna bere bertso paperak direla-eta. Argentinan ere lehenengo euskara irakasletzat hartua da eta eginkizun horrek lotu zuen bertsolaria eta Buenos Aires-eko Laurak Bat Euskal Etxea, zentroan jarduera horretan aritu batzen 1904tik 1906ra. Bestalde, bereak dira 'Txepetxa', 'Mutil koxkor' edo 'Limosnatxo bat' bezalako bertso ezagun eta balio literario handikoak.

Lotura interesgarriak

Otañoren hainbat lanen testu osoa Euskal Klasikoen Gordailuan
http://klasikoak.armiarma.com/

Otañoren Alkar liburuaren testu osoa Susa argitaletxearen eskutik
www.susa-literatura.com

Otañoren biografía laburra
www.argia.com

'Gu ta Gutarrak'-en Magdalena Moujan Otañok idatzitako ipuina
'Gu ta Gutarrak' ipuina (erdaraz)

Arturo Campion Euskal Ikasketa zentroan aurkezpena
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 2an



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia