euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro J. Oiarzabal: "Zinez zentzuzkoa litzateke Euskadin Diasporaren Eguna antolatzea"

2015/08/08

Pedro J. Oiazab ak (zutik) elkarrizketa bat grabatzen Nevadako R enon Memoria Bizia proiektuaren bar ne Frank eta Rosie Yraguen -ekin. Fra nk Sacramenton (Kalifornia) jaio zen 1931ean, aita Natxitukoa neta ama Eakoa, Bizkaian.
Pedro J. Oiazab ak (zutik) elkarrizketa bat grabatzen Nevadako R enon Memoria Bizia proiektuaren bar ne Frank eta Rosie Yraguen -ekin. Fra nk Sacramenton (Kalifornia) jaio zen 1931ean, aita Natxitukoa neta ama Eakoa, Bizkaian.

PUBLIZITATEA

Itzuli berria da Renora Boiseko Jaialditik, NABOk Idahoko hiriburuan joan den ostiralean egin zuen Biltzar Nagusian eman baitzuen bera zuzendari duen Memoria Bizia proiektuko azken aurrerapenen berri. Nevadako Unibertsitatean mintzatu gara pedro J. Oiarzabal ikertzaile bilbotarrarekin.

Joseba Etxarri/Reno, EEUU. Deustuko Unibertsitatean Historian lizentziatua, Pedro J. Oiarzabalen kurrikulumaren bertsio laburtuak Belfasten ateratako Ekonomia masterra ere biltzen du, eta Euskal Ikasketetako doktoradutza, Zientzia Politikoetan, Nevada-Renoko Unibertsitatean (UNR). Migrazio eta Diasporetan espezialdua, bereziki euskaldunean, 44 urteko bilbotar hau 2009tik ari da Deustuko Unibertsitatean Pedro Arrupe Giza Eskubide Institutuko ikertzaile eta 2014tik, UNRek eta Etxepare Euskal Institutuak Euskal Diaspora ikasketak sustatzeko sortutako Jon Bilbao Katedrako titularra da. Eskarmentu pertsonalean oinarrituta aipa ditzake berak diaspora gaiak, bere bizitzako hainbat urte pasatu baititu Euskal Herritik kanpo, hamasei urte bizi izan delarik, zortzi bana, Irlandan eta Estatu Batuetan. Euskaldun on bezala, emigrazio aurrekari familiarrak erte badauzka, Kuban eta Mexikon, nahiz eta, aitortzen digu, bere lehenengo kontaktu zuzena diasporarekin, gaur egun ibilbide sendokoa den Gaztemundu programa medio izan zuen.

Gaztemunduren lehenengo edizioan partaide izan zinen.

-Programa hori euskal etxeetako gazteek Euskal Herria ezagut zezaten sortu zuen Eusko Jaurlaritzak 1996an, aldi berean bertako errealitatearen ikuspegi eguneratu orokorra edo espezialdua ere har zezaten. Nire anaia Agustin Oiarzabalekin batera programaren sorrera eta antolaketan parte hartzea egokitu zitzaidan Jaurlaritzaren enkarguz.

Hemen Renon, Jon Bilbao Katedratik 'Memoria Bizia' programa koordinatzen duzu, eta izan ere proiektu horren azkeneko pausoei buruz mintzatu zara Boisen, NABOko Biltzar Nagusiaren baitan, joan den ostiralean.

-Katedra Jon Bilbaoren ohorez sortu zen Renon Jon Bilbao jaio zela ehun urte bete zirenean, William A. Douglass-ekin batera Renoko Euskal Ikasketen Zentroaren sortzaile, eta Amerikenuak liburuaren idazle izan zena gogoratzeko. Bertatik daramagun proiektuak, 'Memoria Bizia'k, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal pertsona nagusienen lekukotasunak bildu nahi ditu, gerorako gorde eta merezi duten hedapena eman ahal izateko. Ahalik eta lekukotasun gehien nahi ditugu bildu, jatorriko hizkuntzan, ingelesez, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez, euskal etxeetako bolondresen partaidetza medio, horretarako formakuntza egokia emanez. Gazteek bereziki kontzientzia har dezaten nahi dugu, euren historia gordetzeak daukan garrantziaz, eta hor, prozesuari berari zein emaitzei ematen diegu balioa. Lagun ditugu proiektuan Etxepare Institutua, Eusko Jaurlaritza, Deustuko Unibertsitatea eta baita NABO ere, euskal etxe eta erkidegoak ezinbesteko partaide baititugu. Eurak gabe ezingo genuke proiektua abiarazi.

Zer egingo da bilduko den materialarekin?

-Euskal komunitateak partaide nahi ditugu eta eurak medio proiektua denboran iraunkortu, materiala gorde eta zabaldu, interesa izan dezaketen pertsona guztientzat eskuragai ipinita, izan familiakoak, inguru akademikokoak edota publiko orokorra. Asmoa publikoari irekitako gordailu digital orokorra sortzea da, Estatu Batuetako eta Kanadako osaketa etnikoan kopuruz hain txikia den euskaldunak bezalako talde bat nabarmendu eta ikusgarri bihurtuz, gogoan hartu beharra baitago erroldako datuen arabera Estatu Batuetan 60.000 bat jende baino ez direla euskal arbasodunak, eta askoz gutxiago Kanadan. Interesa sortu nahi dugu bui herrialdeotan euskaldunez eta Euskal Diasporaz. Urkullu lehendakariak berak Boisen azpimarratua du joan den astean lehentasuneko lana dela hau, Memoria Bizia proiektua goraipatuz.

Etorri berria zara asteartean Boiseko Jaialditik. Ze inpresio komunikabideek Euskal Herritik kanpoko handiena edo handienetakoa bezala aurkeztu duten elkarretaratze honi buruz?

-Interes handiagoa daukat neurri kualitatiboan ez eta soilik kantitatiboan aztertzeko. Nahiago dut Jaialdiren garrantzia, bi munduen arteko elkargune gisa eta giro lasai eta atseginean elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko aukera bezala aztertzeko, bestela baino. Boisen bat egin dute Euskal Herritik etorritako bisitariek eta bertako Diasporatik, Estatu Batuetakotik eta beste herrialde batzuetakotik etorritakoek. Euskaditik et orritako askorentzat hau Euskal Diasporarekin izan duten lehenengo kontaktua izan da, eta pauso hori garrantzitsua da, 2014ko DeustoBarometro Sozialaren arabera, Autonomia Erkidegoko biztanleen %60arentzat emigrazioaren eta Euskal Diasporaren fenomenoa gauza ezezaguna baita. Beraz, edozein ekimen zubi zuzenak eta harreman eskarmentu aberasgarriak sortzeko helburuarekin modu positiboan behar da bakoratu, eta hauxe da Jaialdiren kasua.

Zer azpimarratuko zenuke bukatu berria den edizioaz?

-Jendea elkar ezagutzeko irrikaz egotea, testuinguru egokia sortu izana bapatean elkarrekion topatu eta adiskidetasunak eta esperientziak trukatzeko. Integratu eta normaldu egin behar dugu Diasporarekiko gure harremana. Eta hor zeresan handia daukate teknologia berriek, EiTBek eta euskal hedabideek. Hedabideak Diasporaz bertara euskal erakundeetako ordezkariak doazelako informatzeari utzi eta Diasporak berak sortzen dituen ekimenengatik informatzen hasten direnean, orduan iritsiko gara nahi dugun normaltasun mailara, agintariak aldegin eta komunikabideak Diasporaz hitz egiten segitzen dutenean.

Mahai gainean dago Euskadin Diasporaren Eguna antolatu eta ospatzeko erronka.

-Jaialdi, Argentinako Euskal Astea eta antzeko ekimenak soziabilitate topaketak dira. Disporak zilegitasuna bilatzen du Euskal Herrian eta egun bat izatea, gure artean ez egon arren euskal herritar diren pertsonak gogoratzeko erabat zentzuzkoa iruditzen zait. Euskal Herrian ospatzen dira bada, Galiziaren Eguna eta antzekoak, izan ere errekonozimendua ematearren kanpotik gurera etorri direnei eta gure gizarteari egiten dioten ekarpenari. Zergatik ez  bada horixe bera gu bezala  euskal herritar direnei, distantziaz urrun egonik ere gure gizarteko parte izaten segitzen duten Diasporako anai-arrebei?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia