euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro Azcoiti diputatu radikalaren ekimen batek Gernikako bonbaketaren 70. urteurrena gogoratu nahi du Argentinan

2007/03/16

Pedro Azcoiti diputatu radikalak aurkeztu du ekimena Argentinako Diputatu Ganbaran
Pedro Azcoiti diputatu radikalak aurkeztu du ekimena Argentinako Diputatu Ganbaran

PUBLIZITATEA

Pedro Azcoiti diputatu radikal argentinarraren deklarazio proiektuak proposatzen du 'hegazkin alemanek Espainiako gerra zibilaren baitan Gernika hiri euskaldunaren kontra 1937ko apirilaren 26an eginiko bonbaketaren 70. urteurrenaren oroitzapena egitea; berretsiz beharrezkoa dela bakearen aldeko bilaketa etengabea, etnia, erlijio edo beste edozein motatako aniztasunarekiko errespetua oinarri'; Kongresu argentinarreko alderdi desberdinetako euskal jatorriko diputatuek sinatu dute ekimena, parlamentario.com webguneak biltzen duenez.
Proiektuaren oinarrietan, bere egile den Pedro Azcoiti kongresukide radikalak duela 70 urte Gernikan gertatu zena ekartzen du gogora, Bizkaiko lurraldean, Bilbotik hogeita hamar bat kilometrora dagoen zazpi mila bat biztanleko herri euskalduna hegazkin alemanek ia hiru orduz bonbardatu eta babesik gabeko biztanleriaren gainean berrogeita hamar tona lehergai zein jaurtigai suemaile bota zituztenean, 1600 hildako eraginez eta eraikinen %70a birrinduz, testuak azaltzen duenez.

Erasoaren zenbait pasadizo gogora ekarri ostean, Azcoitik argiro dio 'Gernika hautatzea ez zela kointzidentzia izan, herri horrek euskaldunentzat daukan balio sinbolikoak --Gernikako haritzean gauzatua-- aukera ematen baitzuen, berau birrinduz, euskaldunen adorea beheititu eta euren borrokatzeko gogoa ahultzen saiatzeko, euren askatasun izpiritu hori makaltzeko ahaleginetan.

'Ez gara Euskal Herriaren geroaren axolagabe'

Bere esanetan, 'ezin da baztertu ezta ere, alemanen hegazkin armadaren asmoa geroago bigarren mundu gerlan erabiliko zituzten lehergai berriak eta eraso sistemak frogatzeko tokitzat hartu izana'.

Azkenik, legegile radikalaren proposamenak dio 'Gernikaren erasoak daukan esanahi guztiarengatik; bakea bilatzeak eta herrien arteko elkar-aditzeak beti behar dutelako izan helburu; ez garelako argentinarrok --batez ere Konstituzio Nazionalaren Atariko eskuzabalaren gerizpean etorkizun bat eraikitzeko, familia osatzeko eta bizi berri bati ekiteko gure lur honetara etorri ziren euskaldunen ondorengo garen argentinarrok-- Euskal Herriaren historia, oraina eta geroaren axolagabe'.

Azpimarratzekoa da ekimen hau aurkezteko unean Azcoiti diputatuak alderdi desberdinetako legegileen sostengua bildu duela, alderdi diferentzien gainetik jatorri euskalduna guztien ezaugarri eta bilgarri.


(2007-03-14an Parlamentario.comen argitara emana)


Lotura interesgarriak

Informazio gehiago Gernikako bonbaketaz
Wikipedia, interneteko entziklopedia askean

Gernika Gogoratuz, Bakearen kerkuntza Zentroa
www.gernikagogoratuz.org

La Platan kimua ezarriko dute bonbaketaren urteurrenean
EuskalKultura.com-en 2007ko otsailaren 7an argitara emana

Programa berezia Gernikan 70. urteurrenaren karietarat
EuskalKultura.com-en otsailaren 2an argitara emana

Buenos Aires probintziako Guernica herriak bere jatorria ohoratu
EuskalKultura.com-en otsailaren 2an argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia