Cipolletti, Argentina. Bertako bazkide eta laguna den Pedro Arana Urionabarrenechea lagundu zuen Baskos de la Confluencia Euskal Etxeak joan den urriaren 9an ‘Txalaparta, cosas de vascos’ liburuaren aurkezpenean. Rio Negro probintziako Cipolletti herriko Liburu Azokaren XVII. edizioan aurkeztu zuen lana egileak, Udaleko Kultur Zuzendaritzak gonbidaturik. Jende ugari bildu zen ekintzara, euskal etxeko kideak zein publiko orokorra.
Gogora dezagun, ‘Txalaparta, cosas de vascos’ liburuan “Euskal jendearen ohiturak, ezagutzak eta sentimenduak” jasotzen dituela Aranak “eta euskal kulturarekin lotura duten gaiez gain, etorkinen gorabeherak kontatzen ditu; beren gurasoenak Euskal Herritik Argentinara etorri zirenean, eta bereak, kontrako bidaia egin zuenean”.
Cipollettiko Azokakoa, liburuaz Argentinan egin den publiko orokorrarentzako lehenengo aurkezpena izan da. Liburuaren ale bat hala ere, iritsio da dagoeneko Euskal Herrira. Izan ere Arana Urionabarrenecheak berak oparitu zion Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururi, eta honek sortze bidean lehenengo urratsetan den Euskal Diasporaren Artxiboaren eskuetan utzi du.