euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Payadore eta bertsolariek arrakasta Chascomus-en; bertako EEk Biltzar Nagusia egingo datorren larunbatean

2008/03/26

Ikurriñak eta Argentinako banderak apaintzen dute 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxearen egoitza
Ikurriñak eta Argentinako banderak apaintzen dute 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxearen egoitza

PUBLIZITATEA

Amaitu berria da uda [hego hemisferioan] eta amerikar kontinenteko hegoalde honetako euskal etxeak ari dira pixkanaka sartzen ikasturte berrian. Halaxe egina du Chascomus herri argentinarreko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak, arrakastaz egin ere, Aberri Egunaren karietara bildu baitzituen joan den igandean itsasoz bi aldeetako payadore eta bertsolariak, 'aberria ospatzeko modurik onenean', bertan egon zirenen esanetan. Chascomuseko euskaldunek datorren larunbatean egingo dute euren EEko Biltzar Nagusia eta segidan ekingo diote euskara, dantza, pilota eta gainerako ikastaroen sasoi berriari.
Iragan igandean Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak 'gaubeila ahaztezin' batekin ospatu zuen Aberri Eguna, itsasoz bi aldeetako lagunen kultura repentista bilduz. Euskal Herritik, puntako hiru bertsolari --Maialen Lujanbio, eta Fredi eta Xabier Paia anaiak-- eta itsasoaren alde amerikarretik Juan Alberto Lalanne, Horacio Otero, Wilson Saliwonzyck (9 de Julio hirikoa) eta Pablo de Freitas Mendonca (Brasil) krioilo payadoreak aritu ziren Chascomuseko Brazzola Udal Antzokian, gaua 'Zingirako Euskaldunak' EEeko dantzariekin biribilduz.

Euskal Etxeak biziki eskertu nahi die parte hartu zuten guztiei euren ekarpen baliosa. Chascomuseko euskal erakundeak beste zenbait pertsona eta erakundeen laguntza ere aitortu nahi du, honakoak lankide izan baititu ekimen honetan: Ana de Otazua Diputatu Probintziala eta Juan Jose Cavallari Diputatua (bertsolari eta payadoreen bira interes legislatibotzat hartu baitzuten), Chascomuseko Udala (Kultura Zuzendaritzaren aldez aurretiko jarrera eta laguntzarengatik) eta topaketaren berri emanez euren sostengua erakutsi duten komunikabide guztiak.

Biltzar Nagusia eta ikastaroen hasiera

Bestela ere, 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak datorren larunbaterako deitu du bere Ohiko Batzar Nagusia, arratsaldeko zazpietan Euskal Etxearen egoitzan, besteak beste 2007ko Ekonomia Jarduera eta bazkide kuotaren igoera proposamena aztertzeko. Bestalde, larunbaten bertan hasiko da Esku Pilotako Eskola Chascomuseko Pilota Elkarteko trinketean. Sebastian Errecart pilotariaren gidapean, klaseak 10:00etatik 13:00era izango dira.

Dantza eta euskara ikastaroen sasoi berriaren hasierak osatzen du 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxearen datozen asteetarako programa. Izen-emateak, ohi legez, Euskal Etearen egoitzan bertan (Franklin eta Dorrego) egin daitezke. Egun eta ordu xehetasunak gauexek dira:

DANTZA

- 'Zaharra taldea' (helduak): Apirilak 1, asteartea, 20:00etan
- Ertainen taldea (14-17 urte): Apirilak 4, ostirala, 19:30etan
- Handien taldea (18-30 urte): Apirilak 5, larunbata, 15:00etan
- Txikien taldea (3-6 urte): Apirilak 5, larunbata, 10:30etan

EUSKARA

- Apirilak 5, larunbata, 10:30etan.


Lotura interesgarriak

Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxea
www.chascomus.com.ar/centrovasco

Castelliko EEko jaian parte hartu zuten Chascomuseko dantzariek
2007ko abenduaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana

Chascomuseko Euskal Etxea eta Euskararen Eguna
2007ko abenduaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana

800 pertsona baino gehiago Chascomuseko EEko XVII. euskal festan
2007ko azaroaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia