euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paul Ygartua, Kanadatik Gorlizera: "Euskaldunen harrotasuna erakutsi nahi dut, irudi moderno batekin"

2010/10/22

Paul Ygartua Gorlizeko muralaren aurrean ETBko kazetariekin solasean (argazkia Ygartua)
Paul Ygartua Gorlizeko muralaren aurrean ETBko kazetariekin solasean (argazkia Ygartua)

PUBLIZITATEA

Paul Ygartua margolariak tamaina handiko mural bat margotu zuen joan den abuztuan Gorliz herri bizkaitarrean. Liverpool-en jaio eta Kanadako Vancouver hiriko bizilagun, Ygartua herriko familia baten ondokoa da eta urtero udan bertara bueltatzen da, lehen gurasoekin eta gaur egun seme-alaba eta bilobekin. "Nire aitak bere kultura guri transmititzeko ahal zuen guztia egin zuen eta bere euskaldun izatearen harrotasunak marka utzi zuen niregan. Orain energia hori datozen belaunaldiei pasatzea nire betebehartzat hartu dut", adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Vancouver, Kanada. Paul Ygartua margolaria nazioartean ibilbide oparoa duen artista da. Besteak beste bere muralengatik ezaguna, munduan zehar ibili eta hainbat herrialdetan bizi izan da, baina berak eta familiak Gorlizekin dute harreman estua. Bertan jaio zen Ygartuaren aita eta urtero, udan, Paul eta bere emaztea, seme-alabak eta orain bilobak ere bertara bueltatzen dira. Ygartuaren aitak 17 urterekin Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen guda eta zerbitzu militarretik ihesi.

Paul Ygartua Liverpoolen jaio zen, aita bertako emakume margolari batekin maitemindu eta ezkondu ostean. Baina Ygartua nagusiak ez zuen sekula ahaztu bere jatorria eta egoera politikoak aukera eman bezain pronto, familiarekin bueltatu zen herrira urtero, udan. "Atzera begira, esan beharra dut nire aitak nigan eragin oso sakona izan zuela", gogoratzen du Ygartuak. "Bere indarra, bere euskaldun izatearen harrotasuna nire bizitzan eragin gehien izan duten faktoreak dira".

Sorkuntzaren energia

Harrotasun hori da hain zuzen ere Ygartuak joan den abuztuan Gorlizen egin zuen muralean irudikatu nahi izan duena. Lana herriko kirol gunea izango denaren horma handi baten gainean margotu zuen. Ygartuaren mural guztiek bezala berezitasun bat du: egileak proiektore baten laguntzarik gabe egin zuela, hormaren gainean zuzenean margotuz.

"Interesgarriagoa da, erronka bat da. Nork nahi du erraza izatea! Nik energia sentitu nahi dut, erronkaren emozioa", azaltzen du. "Horrela ikusleek egilearen emozioa eta grina sentitzea lortzen dut, sorkuntza une hori harrapatzea"

Eta hori da Gorlizeko muralaren helburuetako bat, sorkuntza prozesuaren energia horren bitartez "jendeak euskaldun izatearen harrotasun hori sentitu dezala, Europako herririk zaharrena izatearen harrotasuna", dio.

Iragana eta etorkizuna

Familiaren eraginak artistaren bizitza eta lana markatu egin du. Ygartuak Gorlizeko Amezaga baserrian, familiaren etxean, igarotako udak bere "haurtzaroko oroitzapen ederrenak" direla dio. Lau urte baino ez zituen Gorlizen izan zen lehen aldian, eta euskaldunen bizimodua ezagutzeaz gain, bertan hasi zen margotzen, ama margolariaren ondoan harek egiten zuena kopiatu nahian.

"Euskaldunek hainbeste borroka egin behar izan dute euren kultura gordetzeko ezinezkoa dela Euskal Herrian egon eta euren erresistentzia eta ausardia ez mirestea. Nire seme-alabek ere arbasoekiko harreman hori, zerbaiten parte izate hori senti dezaten nahi dut", gaineratzen du. "Iraganak etorkizunerako bidea markatzen digula uste dut".

Paul Ygartua

[Paul Ygartua margolaria (argazkia Ygartua)]

Beatles-en lagun

Euskal Herriari biziki lotua izan arren, Ygartua eta bere familia munduan zehar ibiliak dira eta hainbat lekutan bizi izan dira, artistaren inspirazioari jarraiki: Liverpooldik Vancouver-era, Rio de Janeiro eta Jerusalem bezalako tokietatik igaroz. Liverpoolgo hastapenetan, Paulek gerora bere esperientzian eragin handi izan zuen une historiko baten parte izan zen, Beatles taldearen sorrera ekarri zuen kultur mugimendua. Liverpool Art School eskolan ikaskide izan zuen Lennon. 

"Crack Pub izeneko tabernan ezagutu nuen John Lennon, garagardo edate lehiaketa batean: pinta bat lau segundu baino gutxiagotan. Eguerditan John-ekin joaten nintzen Liverpool Art School eskolatik The Cavern pub-era, euren inprobisazioak entzutera", gogora ekartzen du. "Edozer posible zela sentitzen genuen giro hartan, talentua nonnahi zegoen eta denok ezagutzen genuen gero ezagun egin zen norbait".

Herri natiboan harrotasuna

70. hamarkadan Ygartuak Ameriketako tribu bateko buruzagiaren semea ezagutu zuen Kanadarako ontzian eta haiekin bizitzera joan zen. Harrez gero amerikar natiboen erretratuak margotzen hasi zen muraletan. "Euren aurpegietan euskaldunen antzera nortasuna mantentzeko borrokan ari den herri baten indarra eta pasioa aurkitu nituen", azaltzen du. "Jakingura eragiten didaten aurpegiak margotzen ditut, istorio bat kontatzen didaten aurpegiak. Pertsona batzuengan margoetan islatzen saiatzen naizen energia somatzen dut".

Ygartua native

[Amerikako herri natiboetako kideen erretratuak Paul Ygartuaren mural batean (argazkia Ygartua)]

"Erronka ikuslearengan eragina izatea da, egileak sorkuntzaren momentu horretan gorputzean sentitzen duen energia hori sentiaraztea", dio margolariak. Neurri handia dutenez muralek eragin hori biderkatu egiten dute. "Euskal gaiari buruzko tamaina handiko mural bat sortzea, euskaldunen harrotasuna eta kultura irudi moderno batekin erakutsiz, ohorea izan da niretzat", laburbiltzen du.

Paul Ygartuak erakusketak egingo ditu datozen hilabeteetan Parisen eta Londresen. Informazio gehiago, hemen. Bere margolan batzuk ikusteko, jo bere webguneko galeriara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia