euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paueko 'Lagunt eta Maita'k 40 urte bete ditu eta Izar Bide aurkeztuko du, erbesteratzea dantza eta kantuz kontatua

2007/11/16

Edu Muruamendiaraz koreografo eta dantzari bergarar ezaguna (argazkia eitb24.com)
Edu Muruamendiaraz koreografo eta dantzari bergarar ezaguna (argazkia eitb24.com)

PUBLIZITATEA

Lagunt eta Maita Paueko Euskaldunen Elkarteak berrogei urte bete ditu eta “Izar Bide” ikuskizun berezia aurkeztuko du gaur urteurrena ospatzeko. Dantzek eta kantuek osatutako erakustaldia aurrera eramateko ehun pertsona baina gehiago aritu dira lanean ia urtebetez. Emaitza gaur ikusi ahal izango den ikuskizun landua izan da, erbesteratzearen aipamen poetikoa. Bertan oso modu berezian azalduko dute Euskal Herriko puntu desberdinetatik Diasporara emigratu zutenek bizitakoa eta nola zabaldu diren euskaldunak gaur egun arte.
“Izar Bide”-k Euskal Herriko herrietan izandako emigrazioa hartu du gaitzat, hiru zati nagusitan banatuta. Musika aldetik, Pier-Pol Berzaitz xiberotarraren "Zeruko izarren bidea" kantuaren moldaketa batzuk eta gaur egungo kantu eta musikek osatuko dute emanaldia. Ohiko dantzak, Lagunt eta Maita elkartearen eskutik joan dira; eta taula arduraduna Edu Muruamendiaraz izan da. Hala ere, 'ehun eta hogei pertsona ingururen elkarlanak ahalbidetu du proiektua aurrera ateratzea eta denen ahaleginari esker gauzatu da Izar Bide', azpimarratzen du Muruamendiarazek.

Koreografiei dagokionez, gehienak Edu Muruamendiaraz dantzari ezagunak prestatu ditu. Bederatzi hilabeteko lana egin du ikuskizuna aurrera ateratzeko eta denbora eman du pertsona askori urratsak eta dantzak erakusten. Bergararrak EuskalKultura.com-i aitortu dionez, “Izar Bide prestatzeko jende askok eginahal handia egin du, denbora asko eskaini diogu ikuskizunari eta pena bat izango litzateke behin bakarrik aurkeztea, leku gehiagotara zabaldu gabe gelditzea alegia”. Onartzen du, hala ere, “horrelako azpiegitura handia leku batetik bestera mugitzea oso zaila” dela, “baina egin daitekeen gauza da”, aldarrikatzen du.

Ikuskizuna gaur ikusi ahal izango da, gaueko zortzi eta erdietan Paueko Zenith-en. Sarrerak 16 eta 22 euro bitartean egongo dira salgai honako lekuetan: Fnac, Carrefour, Auchan, Virgin, Leclerc, Cultura edo Lagunt eta Maita elkartean. Bertaratu nahi duenak, azkar ibili beharko du, izan ere, “Izar Bide” ikusteko ia txartel guztiak salduak baitira dagoeneko.


Lotura interesgarriak

Lagunt eta Maitaren webgunea
lesbasquesdepau.free.fr

Euskal Kultur Erakundearen webgunea
www.eke.org

Zenith-en webgunea
www.zenith-pau.fr

Edu Muruamendiaraz eta Izena duenak izana du ikuskizuna
2004ko irailaren 22an EuskalKultura.com-en argitara emana (erd.)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia