euskal diaspora eta kultura
2011/11/25
PUBLIZITATEA
Peio Jorajuria/Paue, Frantzia. Aspaldiko ametsa obratzen ari dute Lagunt eta Maita elkarteko euskaldunek, Euskal Etxe baten zabaltzea Pauen. Badu kasik mende laurden bat gisa hortako egoitza baten ondotik zabilala Biarnoko euskaldunak, debaldetan orain arte. “Herriko Etxeak beti hitzemaiten bena sekulan ez heldu” dauku erran aspaldi huntan hangotua den Albert Olharan oragartarrak. Ororen buru, “guk dugu, eta guk bakarrik, aurkitu toki hori”, Buros etorbideko 94.ean kokatzen den egoitza gozoa. “Guretzat urrezko egoitza da, xoratuak gira”.
Lagunt eta Maita, elkarte dinamikoa
1967an sortu zen Lagunt eta Maita elkartea, Gan herrian. Gaur egun 760 familia badauzka bere baitan, heldu baita guti gora behera 3000ko bat kide. Jacques Etchebarne idauztarra (aurten 93 urte) izan da 30 urtez elkarteburu, lekukoa hartzen ziola Jean-Dominique Espil ligitarrak, 2008az geroz aldiz Jean-Pierre Urrutia uztariztarrak du kudeatzen Biarnoan gaur erroak hain azkar dauzkan euskal elkartea.
Sail frango jorratzen du Lagunt eta Maita elkarteak. Kantua, hiru talderekin, gizon koroa (20 lagun), emazte koroa (9) eta koro mistoa (35). Dantza, emazte taldea (12 lagun), haurren (45) eta helduen (55) ikastaldiak. Musika, txistu eta xirula eskola, Joana Etchegoinekin. Musikari, kantari eta dantzariek urtean hogeita hamar bat ikusgarri eskaintzen dute, Pauen eta inguruetan, zenbait aldiz herriz kanpo ere. Pilota, lehiaketa eta desafio zorrotzak antolatuz, bereziki Jurançoneko Etchebarne trinketean. Mus jokoa, huntan ere hain trebe izanki ainitzak. Ahantzi gabe euskal kurtsoak, jende ainitzek euskaraz jabetu edo berjabetu nahi dutela, euskara buruz beheiti doan huntan gure hizkuntza xaharrari beren atxikimendua erakutsiz.
[Elkarteko korua Baionako jaietan kantari, aurten (argazkia Herria-EuskalKultura.com)]
Joseba Etxarri euskal diasporako gure kronikariak hain xuxen berrikitan kaseta huntan aipatzen zaukun euskal kurtsoen arrakasta Pauen, Lagunt eta Maita elkarteak deiadarra luzatzen zuela euskal erakasle batzu Pauerat ekarrarazi nahiz, euskara ikasi nahi dutenen kopurua handia izanki, erakaslea aldiz bat bakarra. Entzuna izan den deialdia, gaur lau erakasle baitira, Bilbo, Donibane Lohizune, Garazi eta Kanbokoak. Eta elkarteak badauka “Ixtorio” aldizkaria, hango euskaldunen arteko lokarri baitezpadakoa.
Paueko egoitza nasaia
Euskal Etxe berriak aktibitate horiek guziak bildu ditu bere baitan, egoitza hortarako nasaia izanki, bere 300 m2-ko gelekin. Goizetan, astelehenetik ortziralera, bi oreneko permanentzia (10:00-12:00) segurtatzen dute Lagunt eta Maitako administrazio kontseiluko kide batzuk, Paulette Graciet, Christian Justes, Elisabeth Recalt, Maite Sagardoy eta Jean-Michel Sallato-k, arratsaldetan Laurence Rangotte idazkariak (14:00-17:30). 130 m2-ko gela handi bat apailatua izan da, dela ikusgarrientzat, dela mintzaldi, erakusketa, otordu edo bertze gisako hitzorduentzat. Jendea eta bereziki Paueko Unibertsitatean dabiltzan euskaldun gazteak harat goxoan hurbil diten da Lagunt eta Maitakoen desira handiena.
[Lagunt eta Maitako dantzariak (argazkia Herria-EuskalKultura.com)]
Egoitza berri horren estreinaldia azaroaren 26an, larunbat huntan, eginen da, ospetsuki : 11:00 ekitaldi ofiziala (hitzaldiak : J.P. Urrutia lehendakaria, Pantxoa Etchegoin (EKE), euskal gobernuko Julian Celaya eta Paueko Martine Lignières-Cassou auzapeza), 12:00 hurrupaldi eta janaldi, urririk, 250 gomitatuentzat, 15:00-19:00 animazioak, elkarteko kantu eta dantza taldeekin, 19:30 bodega gaualdia.
-Lagunt eta Maita Euskal Etxearen webgunea, hemen
Zorionak Paueko euskal etxekoeri, eta zorionak denori, Euskal Kultura.com bezelako egunkari bat dugulako euskaldunak munduan zer egiten duten jakiteko. Biotzez eskerrik asko bieri
Ameriketako euskalduna, 2011/11/25 19:55
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus