euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paueko Lagunt eta Maita euskal etxea euskara irakasle bila ari da, egoitza handiagora aldatzeko bezperan

2011/09/08

Lagunt eta Maitako bazkideak 'Fête des Amicalistes' izeneko jaialdiaren aurtengo edizioan (argazkia PaueEE)
Lagunt eta Maitako bazkideak 'Fête des Amicalistes' izeneko jaialdiaren aurtengo edizioan (argazkia PaueEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herritik hurbilen dagoen euskal etxea da Paueko 'Lagunt eta Maita', Zuberoa ondoan baitago, Pirineo Atlantikoetako departamentuan bertan. Mila bazkide baino gehiago ditu eta munduko handienetakoa da; eta ez da harritzekoa, Paue inguruan euskal kulturak presentzia handia duelako eta euskal jatorridun lagun asko dagoelako hemen. Elkarteak aurtengo kurtsoa berrikuntza handi batekin hasiko du, izan ere egoitza berri handiago batera aldatuko da. Heldu den astelehenean inauguratuko dute eta bertan euskara klaseak emateko irakasle bila ari dira.

Pau, Frantzia. 2011-2012 ikasturterako euskara irakasle bila ari da Paueko 'Lagunt eta Maita Euskal Etxea', bertako Jean Pierre Urrutia presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Irakasle horrek/horiek elkartearen Gau Eskolako Euskara klaseen kargu egin beharko du/te, astean bi orduko klasea emanez, astelehenetan 20:00tatik 22:00tara. "Aurreko urteetan Paueko Unibertsitatean ikasten ari ziren ikasleak izan ditugu irakasle, eta iaz andereño helduago bat ere izan genuen. Baina unibertsitatea bukatu orduko ikasle horiek joanak dira eta orain berriz ere irakasle bila ari gara", azaldu dio Urrutiak EuskalKultura.com-i.

Paueko elkartean aspalditik ematen dituzte euskara klaseak eta aurreko ikastaroetan 30-40 ikasle izan dira, bataz beste. Iaz 15 lagunera jaitsi zen. "Irakasle pare bat lortuko bagenitu, aurtengo ikastaroan ikasle gehiago hartu ahal izango genituzke". Interesa dutenek elkartearekin harremanetan jarri behar dute: deitu Bernardette Cabantous-i (0559812403) edo Jean Pierre Urrutia berari (0612724664). Nahiago izanez gero, idatzi e-maila elkartearen helbide elektronikora: laguntetamaita@wanadoo.fr.

Egoitza berria

Elkarteak aurten aurrerapauso handia emango du eta 300 metro koadroko egoitza berrira aldatuko da. Egoitzaren inaugurazioa heldu den astelehenean egingo dute, eta espazio zabalago honetan jarduera eta ekimen gehiago egiteko aukera izango du elkarteak. Dagoeneko andanatxo bat ekimen eta ikastaro egiten dira Lagunt eta Maitan: euskal dantza, kantua, musika, euskara eta musa, besteak beste.

"Hiru kantari talde ditugu", azaltzen du elkarteburuak, "gizonezkoena, emakumezkoena eta mistoa. Haurrentzako euskal dantza eskola dugu eta 40 bat haur ibiltzen dira bertan. Gazteen taldean 12 neska-mutiko ditugu eta helduen dantza taldeak 40 kide ditu". Elkarteak txistu ikastaroa ere eskaintzen du eta urtero antolatzen du pilota txapelketa (iaz 350 lagunek hartu zuten parte). Urrutiak aurreratzen duenez, egoitza berrian Euskal Liburutegi bat ere egingo dute, ordenagailuekin eta Euskal Herriari buruzko ikusentzunezkoak erakutsiko dituen multimedia zerbitzuarekin. Liburutegia eta zerbitzu hau euskal kulturan interesa duen edonori irekiak, bazkide izan ala ez, izango dira.

Bertaratu nahi duenarentzat, hauek dira egoitza berriaren helbidea eta idazkaritza orduak: 94 avenue de Buros 64000 PAU; astelehenetik ostiralera 14:00tatik 17:30tara (Laurence Lavignesse da idazkaria). Telefonoa/faxa: +33 (0)5 59 02 09 43.

-Lagun eta Maita euskal etxearen webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia