euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paueko Lagunt eta Maita EEaren Ixtorio buletinak 2011ko 'Fête des Amicalistes' jaialdiaren berri dakar

2011/06/01

Aurtengo Fête des Amicalistes jaian giro ederrean ibili ziren Lagunt eta Maita Euskal Etxeko kideak (argazkia PauEEE)
Aurtengo Fête des Amicalistes jaian giro ederrean ibili ziren Lagunt eta Maita Euskal Etxeko kideak (argazkia PauEEE)

PUBLIZITATEA

Paueko 'Lagunt eta Maita' Euskal Etxeak 'Ixtorio' izeneko buletina argitaratzen du hilero, elkartearen ekimenen berri emateko bazkide eta lagunei. Azken aleak, maiatzekoak, aurtengo 'Fête des Amicalistes' jaialdiaren kronika dakar, besteak beste. Jaialdia Jurançon hirian egin zen eta 300 bat lagun bildu ziren bertara. Partehartzaileen artean Lurdako euskaldunen ordezkaritza bat izan zen, bertako euskal elkarteko presidenteak, Etchégoinberry eta Etchepareborde, buru.

Jurançon, Frantzia. Lagunt eta Maita euskal etxeak bere azken ekimenen berri ematen die elkarteko bazkide eta lagunei Ixtorio buletinaren azken alean, maiatzekoan. Bertan jasotzen diren albisteen artean, aipagarria da elkartearen urteroko Fête des Amicalistes --euskal etxearen lagunen besta-- izeneko jaiaren edizio berria. Elkarteko kideak batzen diren egun handia izan ohi da jaia eta, aurten, Jurançon hirian ospatu zen. Hiriko udalak Salle du Bernet delako aretoa utzi zion euskal etxeari, eta 300 lagun bildu ziren bertara.

Eguneko egitaraua 10:30tan hasi zen, aita Landart-ek gidatu zuen meza elizkizunarekin. Lagunt eta Maitako koruek elizkizunean abestu zuten, eta elkarteko dantzari txikiak ere kantari aritu ziren. Ondoren Luro izeneko catering zerbitzuak prestatu zuen bazkaria zerbitzatu zen eta bazkalostean dantza erakustaldiak egin zituzten elkarteko dantza taldeek. Arratsaldean Trikia orkestrak dantzaldia eskaini zuen, errepertorio zabal eta aberatsarekin, tartean elkartearen jaietan sekula hutsik egiten ez duten mutxikoak.

Jaian parte hartu zuten lagunen artean Lurda eta Bigorreko euskaldunen ordezkaritza bat izan zen,  Etchegoinberry eta Etchepareborde presidenteak buru zirela. Jaian izan zen ere Aurélie Domenech, Paueko Kutxaren ordezkaritzaren zuzendaria. Lagunt eta Maita diru-etxe gipuzkoarrarekin lankidetza hitzarmena ari da prestatzen, Kutxak inguru hauetan ordezkaritzak ditu eta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia