Olentzero oraindik Euskal Herriko mendietara bueltatzen eta gabon kantak oraindik airean entzungai, Sarriegiren gogoa hasia da sartzen Necochean. Hiri argentinar honetako Aste Nagusia euskal jaia urtarrilaren 19tik 24ra izango da 2015ean, eta urtero bezala kirol, musika eta dantza ikuskizunak izango ditu ardatz. Aurtengo programaren nobedadea, Iparraldetik etorritako Patxi Perez eta bere taldearen bisita izango da. Necocheakoaz gain Argentinako beste zenbait euskal etxe bisitatu dituzte dantzari euskaldunek edade guztietako jendeak dantzaraztea helburu.
Necochea, Argentina. Udan sartu berriak gara Hego Amerikan eta Argentinako euskal etxe gehienek oporrak hartuko dituzte martxo arte. Bi hilabete hauetan, beraz, ez dute normalean aktibitaterik antolatuko. Alabaina garai honetan euren ekintza adierazgarrienak egiten dituzten euskal etxeak ere badaude, Necocheakoa kasu. Izan ere, hiru hamarkada baino gehiago daramatza Euzko Etxeak urtarrilean bere San Sebastian Astea antolatzen, Donostiako danborrada eta egunarekin bat egiteko. 2015ean hilaren 19an hasi eta 24an bukatuko da programa honi jarraituz:
Necocheako San Sebastian egitaraua (indarrean artikulu hau idatzi dugunean):
Urtarrilaren 20an
-Meza
-Danborrada herriko kaleetan
Urtarrilaren 22an
-Pintxo Eguna: Euskal Herriko pintxo tipikoen dastaketa euskal etxeko jai aretoan
Urtarrilaren 23an
-Erromeria: euskal dantzak Patxi Perezen taldearekin eta mokaduak, euskal etxean
Urtarrilaren 24an
-San Sebastian afaria euskal etxeko jai aretoan. Afariaren baitan berriro ere arituko da Donostiako danborrada. Etxeko alkatea hautatuko da jaian. Afalostean, erromeria Patxi Perezen taldearekin
Astean zehar Joseba Bilbaok eskainiko duen Pilota erakusketaren xehetasunak baieztatzeke daude.
‘Jostunak’ dokumentala eta San Tomas Eguna
Joan den abenduaren 21ean eta Euskal Herriko estreinaldiarekin batera, Necocheako Euzko Etxean proiektatu zen lehendabizikoz euskal diasporan, ‘Jostunak’ dokumentala. Gure Esku Dago dinamikaren bozeramaile Angel Oiarbide lagun, jende ugari bertaratu zen euskal etxeko pilota lekura euskal erabakimenari buruzko dokumentala ikustera. Hori baino lehen, San Tomas eguna ospatu zuten necocheatarrek, musika, dantza, eta Olentzeroren bisitarekin.