euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Lopez lehendakariaren ustez Indiara egin duen bidaiak epe ertainean izango ditu emaitza zehatzak

2012/03/23

Lopez lehendakaria New Delhin Indiako euskaldunei egin zuen harrera ekitaldian (argazkia Irekia)
Lopez lehendakaria New Delhin Indiako euskaldunei egin zuen harrera ekitaldian (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Indian bizi diren euskaldunei egindako harrerarekin bukatu zuen asteazkenean Lehendakariak herrialde honetara egin duen gizarte- eta enpresa-arloko misioa. Ekitaldia New Delhin egin zen eta bertan lehendakariak bidaia "sentsazio baikorrarekin" bukatzen zuela adierazi zuen, emaitza zehatzak epe ertainean ikusiko direneko ustea agertuz. Euskal Herriko ia ehun enpresa eta erakundetako ordezkariak izan ditu lagun lehendakariak bidaian.

New Delhi, India. Patxi Lopez lehendakariak asteazkenean bukatu du Indiara egin duen kooperazio eta enpresa arloko bidaia. Misioan Eusko Jaurlaritzak Indian diruz laguntzen dituen lankidetza egitasmoak bisitatu eta, bestetik, euskal eta indiar enpresen arteko harremanak sustatu ditu. Bidaiari bukaera emateko Indian bizi diren euskaldunei harrera egin zien. Ekitaldia euskal ordezkaritzak New Delhin ostatu hartu zuen hotelean egin zen eta bertan izan ziren Indiako euskal komunitateko kideak, eta baita ere enpresa-misioan parte hartutako enpresen ordezkariak, Euskal Merkataritza Ganberen ordezkariak, Confebasken presidentea eta beste zenbait gonbidatu.

Euskaldunen aurrean egin zuen hitzaldian lehendakariak Euskadi Indian pizten ari den interesa azpimarratu zuen eta negozio-arlo askotan liderra dela nabarmendu zuen, hala nola automobilgintzaren sektorean, energia berriztagarrietan, hiri garapenean, garraioan nahiz turismoan. New Delhiko ekitaldira bildu ziren lagunei, Indiarako jauzia egin nahi dutenentzako “sarrera-atea” izan daitezela eskatu zien.

Lopez lehendakariak Euskal Herriko egoerari buruzko hitzak ere egin zituen eta ETAren indarkeria behin betiko amaitzea Euskadiren kanpo-garapenerako faktore erabakigarria dela adierazi zuen. “ETA edukita ere Euskadin gizarte moderno bat eraikitzea lortu badugu, zer ez dugu egingo aurrerantzean!”, erantsi zuen.

Gizarte-ekintza

Bidaiaren lehen partean lehendakariak Anantapur eremuan Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren partaidetzaren bidez sustatzen ari diren zenbait proiektu bisitatu zituen. “Bidaia honetan, lankidetza-funts hotzak aurpegidunak bihurtzea lortzen duten pertsonak ezagutzeko aukera izan dugu. Euskaditik egindako ahaleginei esker, ortu iraunkorrak izateko, behiak hazteko, biogasaren bidez energia lortzeko, mikroenpresa batean lan egiteko, haurdunaldian osasun-arreta izateko nahiz lehen hezkuntzako eskolara joateko aukera duten pertsonak”, esan zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia