euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Lopez lehendakariak bidaia hasiko du gaur Indiara, kooperazio eta enpresa harremanak sustatzeko

2012/03/15

Patxi Lopez lehendakaria
Patxi Lopez lehendakaria

PUBLIZITATEA

Patxi Lopez lehendakariak bidaia hasiko du gaur Indiara, asiar herrialdean dauden euskal enpresei babesa emateko eta beste batzuei han harremanak egiten laguntzeko asmoarekin. Bidaiak kooperazio aldea ere badu, eta euskal ordezkaritzak Vicente Ferrer Fundazioko zenbait proiektu bisitatuko ditu. Horrez gain, martxoaren 21ean lehendakaria Indian bizi diren euskaldunekin bilduko da New Delhin, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendari Ainhoa Aldayk EuskalKultura.com-i baieztatu dionez.

Vitoria-Gasteiz. Patxi Lopez lehendakaria Indiara abiatuko da gaur bertan, enpresa eta kooperazio arloko misio baten buru. Bidaiaren lehen partean lagun izango ditu Marta Ares, Garapenerako Euskal Lankidetza Agentziaren zuzendaria, eta Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; astelehenetik aurrera eurekin bat egingo dute baita ere Bernabe Unda Industria sailburuak, eta 95 euskal enpresa eta erakundeen ordezkariek.

Lehendakariaren lehen hitzordua Anantapur-en izango da, Vicente Ferrer Fundazioaren egoitzan. Han Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen dituen bi egitasmo bisitatuko ditu: bata, nakazal ekologia arloko ekimena, eta bestea, energia garapen jasangarriaren arlokoa, sukalde ekologiko eta biogas-instalazioen bidez sustatzen dena. Lehen egun honetan, Eusko Jaurlaritzak osotasunean finantzatzen duen etxe kolonia bat ere bisitatuko du ordezkaritzak.

Vicente Ferrer Memoriala

Bigarren egunean euskal ordezkaritza Kalyandurg hirira joango da eta han haurdunaldi arriskutsuak dituzten emakumeei laguntzeko egitasmoa duen ospitala bisitatuko du. Eguneko beste bisitak genero-biolentzia sufritzen duten emakumeen aldeko proiektu bat eta minusbaliotza duten umeentzako eskolak izango dira. 

Horrekin batera Lopez-ek Vicente Ferrer-en Memoriala ere bisitatuko du. 2009an hil zen Vicente Ferrer baina Anna Ferrer emazteak eta Moncho Ferrer semeak bere lanarekin jarraitu dute eta Lopez eurekin bilduko da. Zehazki, Anna Ferrer Fundazioko presidentea da eta Moncho Ferrer Programa arduraduna.

Enpresa misioa

Bidaiaren bigarren zatia, enpresa arlokoa, astelehenean hasiko da Mumbaien. Han lehendakariarekin bat egingo dute Bernabe Unda Industria sailburuak eta ia ehun euskal enpresa eta erakundeen ordezkariek. Bidaiaren parte honetan Mumbai, New Delhi, Pune eta Bangalore bisitatuko dira, Indiako enpresariekin bilerak eginez. Horrez gain Indiako inbertsioak Euskadira ekartzeko helburua ere badu ordezkaritzak.

Bestalde, bidaiaren hitzorduen artean aipagarria da lehendakariak herrialde honetan bizi diren euskaldunei harrera egingo diela New Delhin, martxoaren 21ean. Topaketa honetara gonbidatuak izan dira Indian lanean ari diren euskaldunak, batez ere enpresariak eta kooperanteak, eta baita ere indiar enpresari eta agintariak.  

Munduko laugarren ekonomia

India munduko bigarren herrialdea da biztanle kopuruari dagokionez eta, munduko laugarren ekonomia izanik, 2015erako hirugarrena izatera ere helduko dela uste dute adituek. Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak atzerrian bide berriak ireki nahi dituzten euskal enpresentzat jomuga nagusienetakoa bezala izendatu du. Dagoeneko 50 bat euskal enpresa dira jada herrialde honetan, eta SPRIk ere bulegoa du Indian. 

Lehendakariaren bisita euskal gizataldeari 21ean egingo dion harrerarekin bukatuko bada ere, Unda sailburuak eta enpresen ordezkariek martxoaren 23a arte luzatuko dute bidaia. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia