euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Lopez lehendakariak AEB eta Kanadara iritsi den Canal Vasco katea aurkeztu zuen New Yorken

2011/10/18

Itziar Albisu, New Yorkeko Euskal Etxeko presidentea, Patxi Lopez lehendakariarekin (argazkia Irekia)
Itziar Albisu, New Yorkeko Euskal Etxeko presidentea, Patxi Lopez lehendakariarekin (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Ostiralean hasi zuen Dallasen Patxi Lopez lehendakariak AEBetako Ekialdeko kostara egiten ari den bira eta, hainbat jarduera eta bilera artean, asteburuan New Yorkeko Eusko Etxean izan zen, hiriko euskal komunitatearekin. Lopezekin batera Alberto Surio, EITBko zuzendaria ere izan zen, Canal Vasco katearen aurkezpena egiteko. Euskal kate honen seinalea AEBetan eta Kanadan ikusgai da jada Galaxy 23 satelitearen bidez. Canal Vasco, Atlantikoaren bi aldeetako euskaldunentzako "komunikatzeko tresna" bihurtu behar dela esan zuen Lopezek aurkezpenean.

New York, AEB. AEBetako Ekialdeko kostan egiten ari den enpresaritza-misioaren erdia bete du dagoeneko Patxi Lopez lehendakariak. Ostiralean Dallasen estatu honetako energia arloko enpresekin bildu zen eta 'Petroleum Club' delakoan egin zen harreran parte hartu zuen. Larunbatean New Yorken izan zen eta bisita egin zuen Eusko Etxera, Etxeorratzen Hiriko euskal komunitatearekin biltzeko. Eusko Etxea AEBetako euskal etxerik zaharrena da eta 2013an ehun urte beteko ditu.

Euskal elkartean Canal Vasco katearen aurkezpena egin zuen Lopezek, EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriorekin batera. Galaxy 23 satelitearen bitartez, orain AEB osoan eta Kanadan ere ikus daiteke Canal Vasco katea. Lehendakariak adierazi zuenez "Euskadi mundura irekitzea eta mundua Euskadira erakartzea" ahalbidetzen duen "komunikazio tresna" izango da Canal Vasco.

Igandean Lopez New Yorkeko Zero Gunean izan zen, Dorre Bikien atentatuan hil ziren biktimei omenaldia eginez. Bertan egindako adierazpenetan lehendakariak atzo Donostian egin zen Nazioarteko Bake konferentzia "errespetatzen" zuela azaldu zuen, eta "ETAri eta bere ingurukoei aukera hau baliatzeko" deia egin zien. Atzo Lopez Basque Culinary Center eta Culinary Institute of America erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldian izan zen, besteak beste. 

Lopez NY 2011

[Patxi Lopez lehendakaria New Yorken (argazkia Irekia)]

Bidaiaren bigarren partea

Gaur Bostonen izango da euskal ordezkaritza eta bertan Massachusetts-eko Gobernadorearekin, Deval Patrick-ekin, bilduko da Lopez. Ondoren Progenika euskal enpresaren laborategi berria bisitatuko du eta Harvard University-n egingo den 'cluster'-ei buruz jardunaldian parte hartuko.

Bihar Washington hiriburura joango da eta hitzaldia emango du John Hopkins Unibertsitatean. Etzi New Yorken turismoa eta nekazal industriako produktuak sustatzeko ekitaldia egingo du bera buru duen ordezkaritzak eta, bidaiari bukaera emanez, etzidamu Gamesa enpresak Trenton hirian duen lantegia bisitatuko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia