Hilabete osoko bira egin dute Patxi eta Konpainia Iparraldeko taldeko musikariek, euskal etxeetan dantza eta musika tailerrak eskaintzeko eta Euskal Asteaz gozatzeko. Esperientzia ona baino hobea izan da eta atzera Euskal Herrira etorriak artistek agur berezi bat bidali nahi izan diete Argentinan harrera ezin hobea eskaini zieten lagunei. Hona bidaiaren argazki bidezko errepasoa.
Buenos Aires, Argentina. 2015ean egin zuen bere lehenengo bira Argentinan Patxi Perez musikari eta dantzari lapurtarrak. Bisitatutako euskal etxeetan hain momentu ederrak pasatzeak asmo argia bat sortu zion artistari: Argentinara bueltatzea, baina oraingoan taldeko musikariekin, euskal etxe gehiago bisitatzeko eta posible bazen, Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko.
Urtebete pasa eta gero xede hori errealitate bihurtu berri du eta 2016 honetan geldialdi askotako bira ez ezik, Necocheako Euskal Aste Nazionaleko ostiral eta larunbateko erromeriak animatu dituzte Patxik, eta berarekin Patrick Tetevuidek, Jimmy Arrabitek, Panpi Gerardek eta Mikel Perezek.
Bira urriaren 14an hasi zen, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxean emandako tailerrarekin eta azaroaren 21ean bukatu, hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxean egindako azken agur bazkarian. Taldeak bidaiaren balantze bikaina egiten du eta Argentinako lagunei eskerrak ematen dizkie bideo honetan:
Patxi, Patrick, Jimmy, Panpi eta Mikelen agurra Euskal Herritik (Bideoa Patxi eta Konpainia)
EuskalKultura.com-eko aurreti argitaratutako materiala osatzeko, hona biraren azken irudiak.