euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Bisquertek bukatu du 'Ombuaren itzala'ren grabaketa Argentinan: orain Europakoa, "ikusten diogu amaiera"

2024/05/03

Filmazioko irudiak: ezkerrekoan, Joseba Usabiaga  eta Patxi Bisquert zelaietako txabola batean; eta Sara Cozar (Otañoren emaztearena egiten du) herriko jendearekin, eskuinean
Filmazioko irudiak: ezkerrekoan, Joseba Usabiaga eta Patxi Bisquert zelaietako txabola batean; eta Sara Cozar (Otañoren emaztearena egiten du) herriko jendearekin, eskuinean

PUBLIZITATEA

Ez da bide erraza izan eta izaten ari, baina Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857-Rosario, 1910) bertsolariari buruzko 'Ombuaren Itzala' dokumentalaren filmazioa abian da dagoeneko eta erritmo onarekin gainera. Patxi Bisquert buru duela, ia hilabete osoa igaro du ekoizpen taldeak Argentinan, eta grabaketen eta egindakoaren balantze ezin hobea egiten du Bisquertek. Orain Euskal Herrian grabatzea dagokie geratzen diren eszenak eta horren ostean postprodukzio fasea. "Erritmo honetan jarraituz gero, irailean egon daiteke prest", garaiz agian Donostiako Zinemaldian estreinatzeko, iradoki du.

Buenos Aires, Argentina. Aurreikusitako Argentinako filmazio plana zertxobait moldatu behar izan dute, baina emaitzak, hala ere, oso onak izan direla adierazi dio Bisquert-ek EuskalKultura.eus-i, bertako irudi guztiak Pehuajon eta inguruan, bereziki euskal iragan aberatsa duen Guanaco herrixkan, filmatu dituztela jakinaraziz. Buenos Aires probintziako bazter hauetan ekipo teknikoa osatu eta filmaren kokapenak –herria, plaza, kluba, trinketea…– aukeratu zituen zuzendariak. Horretaz aparte, casting jendetsu baten bitartez, figuranteak, eta aktore euskaldunekin batera aritu diren aktore argentinarrak hautatu eta lanean jarri zituen, filmean agertuko diren ‘payadoreekin' batera.

Lan guztiak aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa izan zitzaion produkazio taldeari komunitatearen eta Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxearen laguntza. Izan ere, Etxe Alairen egoitzan elkartu zen Patxi Bisquert eta dokumentalean ere parte hartuko duen Pedro Mari Otañoren familiako kide den Beba Otaño, bertsolariaren anaia txikiaren biloba, Pehuajon bizi dena.

Ondoko pausoak eta estreinaldia

Argentinako filmazio etapa bukatuta, Euskal Herrira itzuliko da orain taldea eta maiatzaren 13an hasiko da berriro lanean. Hiru aste dituzte han filmatzeko eta horren ostean postprodukzio faseari ekingo diote. “Dena ondo badoa, hiru hilabete beharko ditugu azken fasearekin bukatzeko, eta seguruenik abuztuaren amaierarako prest egon daiteke dokumentala, estreinatzea noiz eta non egin pentsatzen hasteko. Posible balitz, gure asmoa litzateke Donostiako Zinemaldian aurkeztea. Festibala irailaren bigarren hamabostaldian egin ohi da, beraz, posible da” eta urritik aurrera Euskal Herriko hainbat herritan egitea emanaldiak ‘Ombuaren Itzala’ko taldeak. “Ekoizpena herrigintzan egin dugunez, lehenak ikusten herritarrak izango dira. Proiektuaren aurkezpenarekin egin genuen bezala, herriz herri egingo dugu orain ere, era berdinean. Eta ondoren komertzialki sartuko genuke zine aretoetan”, azaldu digu Bisquert-ek.

Diasporan estreinatzeari dagokionez, eta zehatzago Argentinan egindo den estreinaldiari dagokionez, dagoeneko Tandil, Chascomus, La Plata eta Buenos Aires hirietako lagunekin kontaktuan dagoela jakinarazi digu zuzendariak, leku hauetan emanaldiak antolatu ahal izateko. “Baina Pehuajon Nazioarteko Zinemaldi bat antolatzen dute urtero, otsailean, beraz, aukera hori har dezakegu abiapuntu. Kontaktuak egiten ari naiz datorren urteko otsailean edota martxoan berriro etortzeko filma estreinatzera”.

Lankide izateko deia: Lagun iezaiezu

Finantziamenduari dagokionez, 'Ombuaren Itzala' Euskal Herrian tradizio handikoa den 'auzolana' eredu hartuta ari dira egiten. Horrek esan nahi du jendearen diru lankidetza eta ekarpenei esker ari dela lortzen. Herriz herri egindako aurkezpen eta eskealdiekin batera, karia horretara ‘crowdfunding’ edo diru bilketa bat ere jarri zuten martxan urte hasieran. Ekimen honek, ordea, azaltzen digu Bisquertek, ez zuen helburu zutena bete eta segitzen du erabat indarrean herritarrei luzatutako laguntza eskeak.

“Orain dugun materiala, egun hauetan grabatutakoa, erakusten hasi ahal izango dugu eta horrek esperantza ematen digu. Lana martxan dagoela ikustean seguruenik jendea gehiago animatuko dela uste dugu”, azaldu du Bisquertek. Beraz, lankidetza eskatzen diote bertsozale, kulturzale eta euskaltzaleei oro har, proiektuak ekarpen polita egingo dielakoan bertsoaren munduari, Otañoren ezagutzari eta euskal kultura eta diasporarenari.

Zerorrek ekarpena egin nahi baduzu, bizum bidez egin dezakezu, hona: (34) 662529455. Errazagoa bazaizu transferentziaz, hone kontu korronte zenbakia: ES84 3035 0120 9212 0001 4781. Argibide gehiago, Patxi Bisquerti idatziz, pmirenabisquert@hotmail.es helbidera; edo Whatsappez +34 687.841.313 zenbakira. 

- Proiektuaren webgunea
- Facebook - I
- Facebook - II
- Twitter (X)
- Instagram



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia