euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Baztarrikak eta Lorea Bilbaok hitzaldia eskaini zuten Buenos Airesen Laurak Bat-en 130. urteurren ekitaldietan

2007/08/06

Hitzaldiko irudietako bat (arg. BasqueHeritage.com)
Hitzaldiko irudietako bat (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira', euskal esaera honekin zabaldu zuten Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Lorea Bilbao Kultura saileko aholkulariak joan den ostegunean Buenos Aireseko 'Laurak Bat' Euskal Etxearen 130. urteurreneko ekitaldien barnean 'Euskadi: Debates para el Futuro' izenburupean eskaini zuten hitzaldia. Euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialkideak direla esan zuten, baina lege aldetiko berdintasuna gauza bat dela --gaur egun EAEn erdietsia-- eta beste bat gizarte mailakoa, eta egungo ahalegina azken hau lortze arren ari dela egiten, azaldu zuten.
Bere hizketaldian, Baztarrika Galparsorok Euskal Herriari buruzko ikuspegi edo argazki orokorra eskaini zuen eta besteak beste egungo egituratze eta banaketa administratibo eta politikoa azaldu zituen, Euskadi izenaz ezagutua den Euskal Autonomi Erkidegoa, Iparraldea eta Nafarroa aipatuz. Eusko Jaurlaritzaren eremu den horietako lehenaz aritu zen ondoren, eta zehatzago, azkeneko hogei urteotan izan duen garapen ekonomiko eta sozialaz. Euskararen egoerari degokionez, lege aldetik berdintasuna dago euskara eta gaztelaniaren artean, baina berdintasun hori gizarteratu beharra dago oraindik.

[Baztarrika eta Bilbaok Euskal Herrian, eta zehatzago EAEn azken hogei urteotan izan den garapenaren berri eman zuten Laurak Bat-en, partikularzki euskarari dagokionez (farg. BasqueHeritage.com)]

'Legearen babesa garrantzitsua da, baina ez da aski; engaiamendua eta gizartearen atxikimendua ezinbestekoak dira', azpimarratu zuen Baztarrikak. Baikor agertu zen helburu hori lortzeari dagokionez, gaur egun, hitzaldian bertan aurkeztu ziren erroldako datuek agertzen zutenez, 25 urtetik beherako populazioaren ehuneko erdia baino gehiago elebiduna baita.

Iraganak ekarritako geroa

Azkenik, hizlariok, aurretik ere areto berean 2006an hitzaldia eskaintzeko gonbitea izan baitzuten, eskerrak eman zuten berriz ere euskal etxe honetan mintzatzeko aukera izateagatik eta batez ere urteurrenaren data berezi hau bertako jendearekin bizi ahal izan dutelako. 'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira' esaldiak laburbil dezake, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, lanean ari den munduko euskal etxerik zaharrenaren iragana eta geroa.

[Baztarrika eta Bilbao Laurak Bat Euskal Etxeko zuzendariekin]

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao, Hizkuntza Politikarako aholkularia Argentinan dira egunotan, Kolonbia eta Txilera ere eraman dituen bidaiaren barruan. Gaur astelehenean, La Platako Buenos Aires probintziako hiriburuan izango dira eta bilera egingo dute bertan Enriqueta Della Rosa Universidad Nacional de La Platako (UNLP) Nazioarteko Harremanetarako zuzendariarekin. Bihar, berriz, Marcelo Tobin Buenos Aireseko Unibertsitateko (UBA) Nazioarteko Harremanetarako idazkariorde eta Unibertsitate Nazionalen Kooperazio Sareko kordinatzailearekin bilduko dira, eta Ana Maria Zubieta Filosofia eta Letra Fakultateko dekonordearekin.

Egunotan, bestalde, Argentinako euskal etxeen federazioarekin (FEVA) burutuko dituzten lan bileretan herri honetan ematen diren euskara eskolen inguruko lana hizpide izango dute, ezin baita ahaztu Argentina dela, Euskal Herritik kanpo, munduan euskara ikasle gehien duen herria.


Lotura intereresgarriak

Buenos Aireseko Laurak Bat bere 130 urteak ospatzen
2007ko abuztuaren 2an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Baztarrikak bira hasi du Kolonbia, Txile eta Argentinan
2007ko uztailaren 24an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Baztarrika Boiseko Euskal Ikasketa Biltzarrean
2007ko apirilaren 19an BasqueHeritage.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia