euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Baztarrikak emandako hitzaldiaren baitan ikasturteko agiriak jaso zituzten La Platako euskara ikasleek

2015/12/02

Patxi Bazterrikak eskuratu zizkien ikasturteko agiriak La Platako ikasleei (argazkia Euskadiko Ordezkaritzak)
Patxi Bazterrikak eskuratu zizkien ikasturteko agiriak La Platako ikasleei (argazkia Euskadiko Ordezkaritzak)

PUBLIZITATEA

Argentinan Euskaraz Programaren 25. Urteurreneko egitarauaren barruan, “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala: kasu paradigmatikoa” hitzaldia eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak La Platako Presidentzia Aretoan. Unibertsitateko eta Euzko Etxea-ko hainbat euskara ikaslek hartu zuten parte aktibitatean, eta hitzaldia bukatzean 2015eko ikasturteko agiriak jaso zituzten.

La Plata, Argentina. Anitz ekintza ari dira garatzen egunotan Argentinan Euskaraz Programaren 25. Urteurrena dela eta. Joan den astean egin zirenen artean, Patxi Bazterrikak La Plata hirian emandako hitzaldia behar da aipatu.

La Platako Euzko Etxea-k eta Etxepare Euskal Institutuak La Platako Unibertsitatean duen Irakurletzak gonbidaturik, “Euskarak azken 30 urteotan izan duen bilakaera soziala: kasu paradigmatikoa” hitzaldia eskaini zuen Patxi Baztarrikak Buenos Aires probintziako hiriburuan.

Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren hiriko Presidentzia Aretoan, tartean Euzko Etxeko eta Irakurletzako ikasle eta irakasleak. Eusko Jaurlaritza, La Platako Euzko Etxea eta Unibertsitatea ere egon ziren ordezkatuta mintzaldian: Jaurlaritzaren izenean, Sara Pagola eta Joseba Lozano izan ziren; Euzko Etxearen izenean, Javier Clua eta Fernanda Astigarraga; eta Unibertsitatearenean, Cesar Arrondo, Francisco Javier Diaz Busquet eta Enriqueta Della Rosa. Aipagarria da, gainera, hitzaldia hasi aurretik bilera bat izan zutela Unibertsitateko ordezkariek euskal mandatariekin

Mintzaldia amaituta, Patxi Baztarrikak, Euzko Etxeko ordezkari Maria Fernanda Astigarragak eta Irakurletzako irakasle Daniel Oiarbidek 2015eko ikasturteko agiriak eskuratu zizkieten euskal etxeko eta Unibertsitateko euskara ikasleei.

Afaria, Lagunen Artean elkartean

Ekitaldiari amaiera emateko, La Platako Euzko Etxeak afari bat antolatu zuen egoitzako Lagunen Artean elkartean. Talde jendetsu bat bildu zen euskal etxera, eta hara bildu ziren baita ere Sara Pagola, Mariana Satostegi, Patxi Baztarrika, Joseba Lozano, Javier Clua, Maria Fernanda Astigarra eta Cesar Arrondo.

Euskararen Nazioarteko eguna

Bihar bertan ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna La Platako euskaltzaleek, Euzko Etxekoek zein Irakurletzakoek, euskal etxearen egoitzan. Ekintzak arratsaldeko 6etan hasiko dira, Loreak filmaren proiekzioarekin. Horren ostean, joan den ostegunean banatu gabe geratu ziren agiriak banatuko dira, euskal etxeko euskara taldeek euren antzerki lanak aurkeztuko dituzte eta euskarazko bingoa ere egingo da. Afaltzeko garaian, erreki bat partekatu dute bildutakoek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia