euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Baztarrika sailburuordeak Kolonbian hasi du ondoren Pazko Uhartera eta Argentinara eramango duen bira

2007/07/24

Baztarrika Kultura sailburuordea Paula Marcela Moreno Kolonbiako Kultura ministroarekin
Baztarrika Kultura sailburuordea Paula Marcela Moreno Kolonbiako Kultura ministroarekin

PUBLIZITATEA

Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Patxi Baztarrik, eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkularia Kolonbian dira aste honetan, Pazko Uhartera eta Argentinara eramango dituen birako lehen zatian. Bidai honetan euskal ordezkaritzak herrialde bakoitzeko gobernu kideekin, gizatalde indigenen ordezkariekin eta unibertsitate ordezkariekin bilduko dira, hizkuntza politikarako gaietan elkarlana bultzatzeko. Aldi berean Etxepare Euskal Institutuaren sorrerari buruzko informazioa zabalduko dute.
Igandean heldu zen euskal ordezkaritza Kolonbiara, birari hasiera emanez. Bertako egonaldia uztailaren 29a bitartean luzatuko da eta Patxi Baztarrika eta Lorea Bilbao gobernu kolonbiarrean hizkuntza indigenen alorraren ardura duten ordezkariekin bilduko dira. 'Bidaia Kolonbiako gobernuaren eskaera bati erantzunez egin dugu', azaldu dio Lorea Bilbaok BasqueHeritage.com-i. Atzo bertan Paula Marcela Moreno Zapata Kolonbiako Kultura ministroarekin izandako bileran, Jaurlaritzak euskara biziberritzean hartutako eskarmentua azaldu eta Hizkuntza Politikarako gaien inguruko elkarlan aukerak jorratu zituzten. Gaurkoan, berriz, elkarlan horren ildo nagusiak finkatzeko elkartuko dira.

Baztarrika sailburuordeak garrantzi handikotzat jo du atzoko bilera. 'Euskara biziberritzean Euskadin metatutako eskarmentua eredugarria izan daiteke Ameriketako hainbat hizkuntzen biziberritze aldera. (...) guk ere, demokrazia eta autogobernua berreskuratu genuenean eta Hizkuntza Politika abian jartzen ari ginen garaietan laguntza jaso genuen besteengandik, eta gizalegezkoa da orain euskararen biziberritzean ikasitakoa, lagungarri izan daitekeen neurrian, horren beharra dutenei eskaintzea'. Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Consuelo Méndez bertako Kultura Ministerioan Etnokulturako zuzendariarekin, eta Herrizaingo Ministerioan Etnien zuzendaria den Martha Pavón andrearekin ere bildu zen atzo.

Datozen egunetan Baztarrika eta bere taldea herri indigenen hainbat erakundeekin ere bilduko dira, beti ere elkarlan aukerak jorratzeko haien eskariari erantzunez. Kolonbiako egonaldiari bukaera emateko, Patxi Baztarrikak eta Lorea Bilbaok Popayan herrian Kolonbiako herri indigenen mintegian parte hartuko dute, uztailaren 26an eta 27an. [Ezkerreko irudian Patxi Baztarrika, Kolonbiako Kultura ministro Paula Marcela Moreno eta Lorea Bilbao]

Rapa Nui hizkuntza bultzatzeko ekimenak Pazko Uhartean

Bidaiaren bigarren zatia Pazko Uhartean garatuko da. Uztailaren 29an bertara heldu eta hiru eguneko egonaldia egingo dute euskal ordezkariek. Pazko Uhartea --Rapa Nui bertakoentzat-- Polinesian kokatzen da eta Txile barruan dago administratiboki. Lau mila bat biztanle baino ez ditu da eta nahiz eta mundu osoan ezaguna den, gehienbat moai izeneko estatua erraldoi eta misteriotsuengatik, rapa nui herriak fierki babesten du bertako kultura kanpotarrengandik. 'Horregatik ohorea da guretzat bertara joateko gonbitea jasotzea eta euskal esperientziaren berri ematea, rapa nui hizkuntza biziberritzeko ahaleginetan laguntzeko', azaltzen du Lorea Bilbaok.

Euskaldunen agenda mamitsua izango da. Petero Edmunds uharteko alkatearekin eta Txileko gobernuan hizkuntza indigenen ardura duten ordezkariekin --Wilson Reyes, CONADI, Herri Indigenen Garapenerako Korporazioko zuzendari nagusiarekin-- biltzeaz gain, Pazko Uharteko Rapa Nui Kultura eta Hizkuntzarako sailarekin bilduko dira. Asmoa hemen ere, euskara biziberritze prozesuan hartutako eskarmentua ezagutzera ematea izango da eta hainbat lan ildo rapa nui-ren kasuan aplikagarri ote diren aztertzea. Honen barruan, Patxi Baztarrikak eta CONADIko zuzendari nagusiak, Jaurlaritzaren eta Txileko gobernuan herri indigenen garapenaz ardura duen CONADI erakundearen arteko elkarlan hitzarmena finkatuko dute.

Euskara ikastaroak argentinar unibertsitateetan

Argentinako bidaiaren baitan euskal ordezkaritzak Etxepare Euskal Institutuaren sorreraren berri emango du. Joan den apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak euskara eta euskal kultura zabalduko duen erakunde honen sorrera eta ekimena datozen hilabeteetan gorpuztuko da. Horrez gain, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Argentinako Buenos Aires Unibertsitateko (UBA, Argentinako handiena) eta La Platako Unibertsitateko errektoreekin bilerak izango ditu, bi unibertsitate hauetan euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza azkartzeko asmoz. Beste unibertsitate batzuk ere agertu dute ikastarook eskaintzeko interesa, horien artean Mar del Plata, Tandil eta Rosariokoek, Lorea Bilbaok BasqueHeritage.com-i azaldu dionez.

Argentinako euskal etxeen federazioarekin (FEVA) burutuko dituzten lan bileretan bertan ematen diren euskara eskolen inguruko lana izango dute hizpide. Izan ere, Argentina da Euskal Herritik kanpo euskara ikasle gehien duen herria. Horrekin batera, Baztarrikak Laurak Bat euskal etxearen 130. urteurren ekitaldietan hartuko du parte eta Hizkuntza Politikari buruzko hitzaldia eskainiko du, munduan zabalik den euskal etxe zaharrenean.


Lotura interesgarriak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila
www.euskadi.net webgunean

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Kolonbiako Euskaletxea
www.euskaletxeacolombia.com

Eusko Legebiltzarrak Etxepare Institutuaren sorrera onartu du
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 21ean

30 unibertsitatek Euskal Kultura ikastaroa izan nahi dute
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 27an

Pazko Uharteari buruzko informazio gehiago, gaztelaniaz
Wikipedian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia