euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Patxagon’ deitu duten patxaranaren 2018ko ekoizpenari ekingo dio laster San Martin de los Andeseko Euskal Txokoak

2018/02/09

Euskal Txokoa Euskal Etxea San Martin de los Andes-en 120. urteurren desfilean
Euskal Txokoa Euskal Etxea San Martin de los Andes-en 120. urteurren desfilean

PUBLIZITATEA

San Martin de los Andes hiriaren 120. urteurreneko desfilean parte hartuz hasi du 2018. urtea bertako Euskal Txokoa euskal etxeak. Abiada hartzen hasita, eginkizun asko dauzka gogoan elkarteak, urtean zehar garatzeko. Aurrenetakoak dira ‘Patxagon’ etxeko patxaranaren 2018ko ekoizpena eta euskal dantza eskolak.

San Martin de los Andes, Argentina. Lau urte beteko ditu ekainean Euskal Txokoak euskal jatorriaren eta euskal kulturaren ikurra eramanaez Neuquen probintzia hegoaldean. Instituzio gazte askori gertatzen zaien bezala, bidea ez da beti laua izan, baina bizkor egiten die aurrera taldeak oztopoei. Izan ere, pixkanaka bere lekua ari da lortzen herrian.

Testuinguru horretan, euskal gizataldearen ordezkari izan zen Euskal Etxea hiriaren 120. urteurreneko ekintzetan. Otsailaren 4an egin zen desfilea zen Lacar lakuaren ertzean eta bertan muntatutako agintarien palkoaren aurrean desfilatu zuten erakunde ugaritako ordezkariak. Euskal Txokoa-ko kideek ikurrina eraman zuten kabalkadan.

Eta otsailean bagaude ere, berehala hasiko dira batzordearen bilerak urteko egitaraua gauzatzen hasteko. Dantza klaseak martxoan abiatuko dira Barilocheko Mendiko Euzko Etxeko dantzari ohi Mariana Torresen eskutik. Eskolak La Cascada auzoko auzokideen El Molino batzordearen egoitzan izango dira, eta ordutegia laster jakinaraziko da.

Patxagon patxarana

San Martin de los Andesko Euskal Elkarteak laster hasiko duen beste aktibitate bat patxaranaren ekoizpena izango da. Euskal etxea sortu zenetik ari dira lantzen kideak proiektu hau –"beti ere egunen batean elkartearen autonomia ekonomikoa lortzeko helburuarekin"– eta produktu ona izanik, publikoaren tamaina bereko erantzuna izaten dute. Euskal elkarteko Manuel Bustingorryk jakinarazi duenez, 50 litro saldu zizkioten iaz Mendiko Euzko Etxeari, Barilocheko Gizataldeen Jaian saltzeko.

Etorkizunari begira ere Patagoniako Euskal Etxeen 5. Topaketan hartuko dute parte Euskal Txokoa-ko lagunek. Hitzordua Comodoro Rivadavian izango da, maiatzean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia