Santiago, Txile. Patricio Legarraga ingeniaria da lanbidez, baina genealogista afizioz. "Unibertsitean ikasten ari nintzela hasi nintzen genealogia munduan, nire arbasoen jatorriari buruz galdezka hasi nintzenean. Etxean ez zen gaiari buruz hitz egiten eta neure kabuz hasi nintzen ikertzen", azaldu digu. "Nire aitona Jean Baptiste Bokalen jaio zen 1904an, eta haren aitona Isodoro Legarraga Elizondon jaioa zen, Baztanen. Aitona 1908an heldu zen Txilera, beste hamar seniderekin, Valdivian hotel baten kargu egitera".
-Txileko euskaldunei buruzko zenbait liburu argitaratu dituzu, eta orain webgune hau. Zer topatuko dute bertan bisitariek?
Txilen eta Nafarroan zein Iparralden argitaratu diren liburuak eta artikuluak idatzi ditut. Agustin Otondorekin batera “Emigración a Chile del Valle de Baztán (Navarra) en el siglo XX” idatzi nuen. Txileko azkeneko bi presidenteen genealogiak argitaratu ditut, Michelle Bacheletena eta Sebastián Piñerarena. Eta www.emigrationchili.com webgunearekin informazio bila ari diren ondorengo eta senitartekoentzat topagune bat sortu nahi izan dut. Honen bitartez, gainera, senitartekoekin harremanetan jar naiteke, horrela “Los Vascos de Francia en Chile” liburuaren edizio berrirako nire ikerketa osatzeko argazki, dokumentu eta datu berriekin.
Ondorengo batzuk webgunearen bitartez bila ari ziren katearen maila galdua aurkitzen dute, eta horrela lortzen dute ondorengoen zuhaitza osatzea eta euren jatorria ezagutzea.
-Ze ezaugarri ditu Iparraldeko emigrazioak Txilen?
Txilera heldu zen Iparraldeko emigrazioa ez zen Rio de La Platara joan zena bezain jendetsua izan, baina kualitatiboki oso garrantzitsua izan zen Txileren garapenean. Nagusiki Lapurditik etorri zen.
Immigrazio selektiboa izan zen eta familia eta auzokideen migrazio-kateen inguruan antolatu zen. XIX mendean merkatari izan ziren Etxe Frantsesekin. "Hotel de France" izena zuten hotelak zituzten. Merkataritzatik nekazaritzara jauzi egin zuten gero, eta Araucania aldeko nekazaritzan bidegile izan ziren. Baso-ustiapenean bezalaxe. Azken garaietan hainbat lanbidetan nabarmendu dira, hala nola abokatu, arkitekto, ingeniari, mediku eta enpresari gisa. Era berean, apaizak eta militarrak ere aurki ditzakegu.
Euskal Herrira itzuli ziren “Amerikanuek”, Ameriketan aberastu eta gero sorterrietan etxe handiak eraiki zituzten eta herriko bizitza dinamizatu egin zuten, Txilen garatu zuten jarrera ekintzaileari esker. Arlo honetan aipagarria Uztaritze da, esaterako; han egin ziren “Lota”, “Talcahuano” eta “Valparaiso” etxeak. Eta gaur egun, urtero txiletar talde bat biltzen da Euskal Herrian, Txileko festa ospatzeko irailaren 18an.
- Ze urtetako datuak daude webguneko artxiboetan?
Euskal emigrazioa 1840 urtean hasi zen heltzen benetan Txilera, 1818ko independentzia eta gero. Nik guztira 2.000 bat immigrante zenbatu ditut, horietako %62a Lapurdikoa; %17a Nafarroa Beherekoa eta %5a Zuberoakoa. Besteak ez dakigu nongoak. gehienak, %62, 1881tik 1920ra heldu ziren. Eta %83a gizonak ziren, horietatik gehienak adin txikiko gizon ezkongabeak.
-Euskal Herritik kontsulta asko jaso al dituzu?
Iparraldetik askok idazten digute Txilera etorri zen senitartekoren baten bila. Egiazko jakinmina dago senitarteko horiekin zer gertatu zen argitzeko. Frantzian artxibo pertsonal asko gordetzen dira, dokumentu, argazki eta gutunekin. Honen zergatia zera da, han familia askok jatorrizko etxean bizitzen jarraitzen dutela.
-Ze iturritan oinarritu dituzu zuren ikerketak?
Aurreneko iturriak Txileko Frantziar Koloniaren Urtekariak izan ziren, 1920 ingurukoak, eta Txileko frantziarren erroldak 1893-1904 artekoak. Gero ikerketa sakondu egin nuen erregistro zibiletan, eliz-barrutietakoetan, hilerrietan eta hainbat elkarrizketa eginez. Nantes eta Santiagoko artxiboetan ere begiratu nuen.
Interneti esker iturri gehiago ditugu eskura eta oso baliagarri suertatu zaizkit sarean “Archives Départementales” eta “Recrutement Militaire” delakoak, eta Txilen Erregistro Zibilekoak, besteak beste.
-Txileko euskal komunitatearekin harremanik ba al duzu?
Txileko Santiagoko Euskal Etxeko kidea naiz eta baita Txileko Nafar Etxekoa ere. Txileko Euskal Jatorridun Profesionalen Elkarteko kide ere egin nintzen. Era berean, Iparraldeko hainbat erakunderekin harreman estua dut, esaterako, Euskal Argentina elkartearekin.