Donostia-San Sebastian. Patricia O'Connorrek 35 urte daramatza Donostian. Izatez New Jersery-koa Estatu Batuetan, gaztetxo zela etorri zen Donostiara, garai hartan hastapenean zen University Studies Abroad Consortium (USAC) programa bertan abiatzeko lanetan eta ardura hori eman ziotelarik orduan senarra zuen Felix Menchacatorreri, duela urte batzuk zendua. Ikasleei klase ematen hasi eta programaren Donostiako adarra koordinatzen bukatu zuen.
Izan ere, denborarekin, ikasle amerikar talde batzuk Donostiara ekarri eta, EHU lagun, bertan ikastaro batzuk eman, hemengo hizkuntza eta kulturak irakatsi --gaztelania bereziki, baina baita euskara eta euskal kultura ere-- eta, finean, hango ikasleei atzerrira bidaiatu eta beren begiak beste errealitate batzuetara zabaltzeko programa hura handitzen eta hedatzen joan da Estatu Batu mailako ikasleak atzerriratzeko programa garrantzitsuenetako bat bilakatu arte, adarrak eta bulegoak mundu osoan, eta unibertsitate andana ederra lagun eta partaide.
Patriciak eta Donostiako bere taldeak, urtero zenbait aldiz ikasle uhin berriei ematen diete harrera, eta euren Donostiako egonaldia prestatzen eta koordinatzen dute, eskolak antolatzen, lo egiteko lekua topatzen laguntzen diete, hiria eta herrialdea aurkezten, oinarrizko informazioa ematen, eta oro har bolada batean, Donostia bizileku izan dezaten behar dituzten gauzetan lagungarri zaizkie, ondoren ikaslea bere kasa ibiliko dela, gehienetan bere bizitzan etxetik kanpo bizi den lehenengo aldia duela.
Programa arrakastatsua gertatu da urtetan zehar, eta gazte eskorengan marka ederra utzi du, Euskal Herrian bizitzeko aukera emanez, eta bertako errealitatea ezagutzeko aukera emanez milaka eta milaka gazteri.
Hori guztia eta gehiago azaldu dio Patricia O'Connorrek El Diario Vascoko kazetari Mikel G. Gurpegui-ri hemen irakur daitekeen elkarrizketan.