Chubut probintziako Euskal Echea (sic, izen honekin orain dela 91 urte abiatua) elkarteak zeregin handia du aurten ere Immigrantearen Eguna ospatzeko hiriak antolatu dituen ekitaldietan. Hori dela eta buru belarri ari dira etxeko dantzari eta sukaldariak ostiral honetan hasiko den Azoka Gastronomikorako dantzak eta plater tipikoak prestatzen. Jaiko programa barruan, Comodoroko euskal etxea Euskal Herriaten ordezkari izan zen desfilean eta hogei dantza talde batu zituen Gala Gauean.
Comodoro Rivadavia, Argentina. 2012tik Kanpoko Gizataldeen Hiriburu Nazionala den Comodoro Rivadavia hiria Kolektibitateen Jaiaren 25. edizioa ospatzen ari da aurten. Ekitaldi programa abuztuaren amaieran hasi eta datorren igandean, irailaren 14an, bukatuko da, Sukaldaritza Azokarekin.
Hiriko Euskal Echea elkarteak azken egunotan egin diren ekitaldi guztietan hartu du parte, tartean, hiriko erdigunetik Museo Ferroportuario-ra egin zen desfilean (ikus bideoa); kolektibitateetako dantzari helduak eta txikiak bildu zituen Gala Gauean; herrialdean hogeita hamar urte baino gehiago daramatzaten etorkinei egindako omenaldian –aurtengo saridunak Eduardo eta Josetxu Calzada Rotaetxe anaiak izan dira–; kolektibitateen erregina hautatzeko hauteskundetan; eta tradizio handia duen Azoka Gastronomikoan.
Azokari dagokionez, eta ekintzaren helburu nagusia herri anitzetako plater tipikoak eskaintzea bada ere, beste erakargarritasun batzuk ere baditu feriak. Irailaren 12tik 14ra hiriko azoka gunean egingo den jaialdian, musika eta dantza emanaldiak ere egongo dira. Euskal etxearen proposamenak bi motakoak izango dira: tauletan Haize Dantzariak taldeko gazteak aurkeztuko dira, Euskal Herriko piezak erakusteko; gastronomia standetan, piperrada, taloak, txistorra, pintxoak, sagar tarta, fruitua entsalada, kalimotxoa eta zurrakapotea eskainiko dituzte Euskal Echea-ko kideek.