euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagonian, ‘Bizi gira… kutxa bira!' abiaraziko du datorren larunbatean Viedma-Patagonesko EEak: hona programa

2021/03/17

‘Bizi gira… Kutxa Bira!' larunbatean hasiko da, Argentinan
‘Bizi gira… Kutxa Bira!' larunbatean hasiko da, Argentinan

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Larunbat honetan hasiko da, non eta Patagonian, Euskal Herriko Iparra-Hegoa elkarteak sortutako ‘Bizi gira... kutxa bira!’ ekimen euskaltzalea, hasi ere bere helburu kuttunenetako bat gauzatuz: Diaspora partaide izatea, hain zuzen ere Kutxaren ibilbideko parte izanik. Viedma eta Patagones eskualdea izango da Kutxak egingo duen biraren abiapuntua eta bertatik emango du jauzia Europara, bi hilabetetan Euskal Herri Hego eta Iparreko makina bat herri bisitatuz. Informazio gehiago, hemen.

Horren guztiaren abiapuntu izango da Carmen de Patagones hiria datorren larunbat honetan. izan ere bertako eskualde-euskal etxeak, Aberri Etxeak, bere 25. urteurreneko programan sartu baitu ‘Bizi gira… Kutxa Bira!’, bi eguneko programa antolatuta Negro ibaiaren bi ertzetan dauden bi hiriotan. Hona martxoaren 20-21eko programa:

Larunbata, martxoak 20, Carmen de Patagones hirian

-Goizeko 11etan, Piedrabuena Plazan: Kutxaren iristea; aurkezpena/Aberri Etxearen arduradunen hitzak; Jose Luis Zara alkatearen agurra; Amets Arzalluzen Hitza da gure lurra poemaren lehenengo zatia irakurtzea; dantza argentinarrak; euskal dantzak EEko Lagun Onak taldearen eskutik; Kutxa irekiko dute mezuak sartzeko.

-17.30etan, Kutxa Carmen de Patagoneseko Prefekturatik Viedmako kaira eramango dute, Negro ibaia zeharkatuz. Bertan Euskal Etxeko neska-mutilek bizikletaz eramango dute Kutxa Kultur Gunearen aurrean dagoen Plazara.

Igandea, martxoak 21, Viedma hirian

-11etan, Fundatzailearen Plazan: Kutxaren iristea; aurkezpena/Aberri Etxeko arduradunen hitzak; Pedro Pesatti alkatearen agurra; Amets Arzalluzen poemaren bigarren zatia irakurriko da; Río Negrori eta Siyahamba-ri ereserkiak EEko Abestu Beti Abesbatzaren eskutik; Tango dantza; Kutxa irekiko dute mezuak sartzeko; amaiera.

Euskal Etxeak jakinarazi du ekitaldi osoa filmatuko dutela Euskal Herrira bidaltzeko, eta horretarako Udalak utzitako dron bat erabiliko dutela.


[Aberri Etxeko Rocio Basterra lehendakariak Tres Arroyosera bidaiatu zuen Kutxaren bila.
Bertan Kutxa Euskal Herritik ekarri zuen Alfredo Laborde euskara irakaslearekin elkartu zen
]

Aberri Etxearen 25. urteurrena

Urte berezia izango da hau Viedma eta Patagones eskualdeko Euskal Etxearentzat, 25 urte beteko baititu. Datorren asteburuko saioak urtebetetze horren programaren baitara ekarri dira. Baina abiatze horrez gain, ospakizun nagusiak azaroan izango dira, tartean, taldeka egingo duten Euskal Etxearen historiari buruzko liburu bat, EEko Kultura arduraduna den Ruben Suarez koordinatzaile.

Bitartean, martxoan zehar eta osasun protokoloa errespetatuz, urteroko aktibitateei ekingo die Euskal Etxeak pixkanaka. ‘Abestu Beti’ Abesbatzaren eta Lagun Onak dantza taldearen entseguak hasiak dira jadanik. Gainontzeko jardueren arduradunak egokitzen ari dira euren proposamenak datozen egun eta asteetan hasi ahal izateko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia