euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagoniako lautada mugagabeak eta euskal argentinar tematien abentura ikusgai dago '¡Gora Vasco!' blogean

2008/04/11

Dokumentalaren grabazioa Patagonian. Errepideko bihurgunean Martin dago, paisaiaren handitasunaren aurrean txiki-txiki
Dokumentalaren grabazioa Patagonian. Errepideko bihurgunean Martin dago, paisaiaren handitasunaren aurrean txiki-txiki

PUBLIZITATEA

'¡Gora Vasco!' dokumentalak 1935ean Guillermo Larregui iruinsemeak Argentinan egin zuen balentria jasotzen du: eskugurdi bat hartu eta Argentinan zehar milaka kilometro egin zituen, lagunekin finkatutako erronka bat gainditzeko. Euskaldun tematiaren ereduari jarraiki, orain dela bi urte Martin Arizmendi gazteak desafio berdinari aurre egin zion eta Roberto Arizmendi zuzendariak bere bidaia dokumental batean jaso zuen. Orain, Sur Argentino Fundazioak eta Santa Cruzeko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak esperientzia hori ezagutu eta abenturaren parte sentitzeko aukera ematen diete munduko internet zaleei '¡Gora Vasco!' blogaren bidez.
'¡Gora Vasco!' dokumentala pantaila handian ikusteko aukerarik izan ez dutenek blog honetan Roberto Arizmendik 2006ean zuzendu zuen lanaren giroa eta istorioa ezagutu ahal izango dute. Dokumentalak esku gurdi bat hartu eta Patagonian zehar bidaia egiten duen euskaldun baten abentura dakarkigu. Martin gaztearen helburu nagusia zailtasunei aurre eginez bere buruari noraino irits zitekeen erakustea da.

Bloga Sur Argentino Fundazioak eta Santa Cruz probintziako Hegoalde Argentinarra Euskal Etxe gazteak sortu dute eta bertan internet zaleek Patagoniako paisaia ederrak ikusi eta duela 70 urte gertatu zen beste balentria gogoratuz, zinemagile euskal argentinar hauen abentura ero eta zirraragarriaren partaide sentitu ahal izango dute.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira, Roberto Arizmendi zuzendaria, grabazio taldeko kideak eta Martin Arizmendi gaztea, Patagonian]

Bidaia paraleloak

Martinen abentura 1935an gertatu zen beste bidaia haren ispilua da. Urte hartan Guillermo Larregui iruinsemeak lagunek bota zioten erronka jaso eta esku-gurdi batekin eginiko bidaia luzeena egitea erabaki zuen. Larreguik 50 urte zituen orduan, baina abenturan amore ez emateko bezain tematia zen, eta ekainean Patagoniako Comandante Luis Piedra Buena hiritik (Santa Cruz probintzian) Buenos Aireseraino heldu zen. Krisialdi latza bizi zuen herrialdeak orduan eta bidean gero eta argentinar gehiagok egiten zioten ongi etorria, Larreguiren adorea eta kemena eurentzako eredua bihurtu zelako.

[En la imagen superior el equipo de rodaje en una reunión durante la realización de '¡Gora Vasco!']

Hirurogeita hamar urte beranduago beste euskal argentinar batek Larreguiren balentria eredu hartuta bere pausoak jarraitzeko erabakia hartu zuen. Roberto Arizmendi zuzendariak Martinen bidaia grabatu zuen: ibilbide laburrago bat, 100 kilometro Patagonian zehar, baina era berean oso aberasgarria. Bidean gazteak kamioi gidariak, turistak, herrietako bizilagunak eta nekazariak aurkitu zituen, denen artean egungo Argentinaren collage bizi bat osatuz. Dokumentalak gainera Larreguiren istorioa ere jasotzen du, bera ezagutu zutenekin hitz eginez, eta horrela, bi bidaia paraleloek Larreguiren garaiko Argentina eta egungo herrialdearen egoeraren arteko konparazioa egiteko xantza ematen dute.

['¡Gora Vasco!' dokumentalaren kartela]


Lotura interesgarriak

'¡Gora Vasco! Milonga de temple y carretilla' bloga
www.vascodelacarretilla.blogspot.com

¡Gora Vasco! dokumentalaren estreinaldia Durango, Bizkaian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 24ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia