Eusko Jaurlaritzaren eskualderako ordezkari den Sara Pagolak Barilocheko 'Mendiko Euzko Etxea' eta jaio berria den San Martin de los Andesko 'Euskal Txokoa' erakundeetako kideekin elkartu zen. Bi bisitetan, euskal etxeek antolatutako ekintzetan hartu zuen parte Euskadiren Argentinako-Mercosur Ordezkaritzaren buruak.
Bariloche, Argentina. Sara Pagola ordezkaria eta bere lantaldeko Mariana Satostegui Harreman Instituzionalen arduraduna martxoaren 12an iritsi zen Barilochera bi hitzordutan parte hartzeko. Ostegunean bertan, bertako euskal batzordeko lagunekin bildu eta Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko politikaz mintzatu zen Pagola, euskal etxearen egoitza berrituan.
Larunbatean, berriz, euskal etxeak antolatutako ekitaldi-urtearen lehenengo topaketan hartu zuen parte euskal mandatariak. Mendiko Euzko Etxea-ko lehendakaria den Hector Grañak EuskalKultura.com-i bisitaz laburbildu dionez, “oso garrantzitsua izan da guretzat Euskadiko ordezkaria hartzea. Gainera, oso arrakastatsua izan zen afari batean izateko aukera izan zuen! Jendea oso pozik zegoen; berak eta biok hitz batzuk zuzendu genizkion publikoari eta Stella Larraburu gure lehendakariordeak oroigarri bat eskuratu zion Pagolari. Parranda, gero, ordu txikiak arte luzatu zen”, adierazi du Grañak.
Bidaiaren baitan, baina martxoaren 13an, San Martin de los Andesera abiatu zen ordezkaria bertako Euskal Txokoa elkarteko lagunekin biltzera. Osatu berri den euskal etxea honek antolaturik, hitzaldia eskaini zuen Pagolak, hiriko Udal Aretoan. San Martin de los Andesko euskal taldeko Manuel Bustingorryk EuskalKultura.com-i aitortu dionez, “jende anitz bertaratu zen mintzaldira; baina ezer baino gehiago azpimarratu nahi dut bultzada handia izan dela aktibitate hau guretzat. Hau bezalako elkarretaratzeek indarra berritzen eta ateak irekitzen dituzte”. Hitzaldia bukatutakoan, lagunarteko afaria partekatu zuten bertakoek eta bisitariek.