euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagonia: General Rocako Gure Etxeak inguruko euskal etxeekin arrakastatsu antolatutako lagunarteko topaketa

2024/07/11

Patagoniako "Gure Etxea" elkarteak antolatu zuen topaketan diasporako 60 lagun bildu ziren
Patagoniako "Gure Etxea" elkarteak antolatu zuen topaketan diasporako 60 lagun bildu ziren

PUBLIZITATEA

General Roca, Argentina. Topaketa arrakastatsua egin zuten Patagoniako Rio Negro probintziako General Rocan ekainaren 29an, larunbatez. Bertako Gure Etxea Euskal Etxea, Neuqén, Cipolletti, Rio Colorado, Villa La Angostura, Macachíngo eta General Roca bertako euskal komunitateetako lagunen anfitrioi izan zen, hirurogei bat kide orotara. Asmoa, jardunaldi bat partekatzea, harremanak estutu eta sendotuz, San Pedro eta San Paulo eguna ospatzea aitzaki hartuta, edo San Joan su berantiarra piztea, hau ere egin baitzen. Ororen buru, garrantzitsuena biltzea izan zen, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzea eta Euskal Herriko kultura zabaltzen jarraitzeko energiak indarberritzea zen, eta arrakasta handiz egin zuten!

Neuquén, Cipolletti, Villa La Angostura, Río Colorado, Macachín eta Gral. Rocako EEetako kideen arteko loturak estutzeko eguna izan zen, "gure kultura ospatzekoa, berarekiko partekatzen dugun konpromisoa bilgarri"

Topaketa arratsaldeko 5etan hasi zen eta aurtengoan modu berezian nagusi den hotzari aurre eginez berehala berotu ziren partaide guztiak Maite Aranzabal dantza irakasle eta topaketaren bultzagileari esker, dantzan jarri baizituen bertaratutakoak oro, dantzari bikainak zirenak zein sekula aritugabeak. Benetako dantza tailerra izan zen. Dantzatu zituzten dantzen artean, esku dantza, Txulalai, Inauteriak, Zazpi jauziak eta Txapeloaz.

Ilunabarrean, sua piztu zuten eta suarekin batera iritsi ziren euskarazko abestiak Cipollettiko Gabriela Allaria irakaslearen ahotsean, baita bilbainadak ere, Ramon Aranzabalen gitarraren erritmoan. Batzuek, erritoak agindu bezala, paperetan gauza txarrak idatzi zituzten, beste batzuek erretzeko panpinak egin zituzten eta, berriz ere, dantzan aritu ziren, oraingoan suaren inguruan, txorizoak jateko ordua iritsi arte. Aukeran, txorizo muturrak sagardotan, Mabel Hidalgok eta Macarena Linares chef-ikasleak prestatuak, edo Iñaki Aranzabalek, Matías Linaresek eta Tomás Urzainquik parrillan eginak.

 
Sua, dantzak eta abestiak alaigarri eta bateragarri ekainaren 29ko gauean General Rocan

Afalostean eta pasadizoak kontatu ondoren, elkarrekin garatzeko proiekturen batez, eta ahaleginak batzeko aukeraz mintzatu ziren. "Eguna gogoangarria izan zen, loturak asko estutu genituen, sutondoaren eta topaketaren berotasunean gau hotza parada zoragarri bihurtu zen", iritzi dio EuskalKultura.eus-i Baskos de la Confluencia-ko Pedro Mario Arana Urionabarrenecheak. Maite Aranzabalek, bere aldetik, honela laburbiltzen du: "Lagun asko ginenez, areto txiki bat alokatu behar izan genuen, elkartzeko, elkar ezagutzeko, dantzatzeko, abesteko, txarra dena erretzeko, ona dena etor dadin, sokatira bat egiteko eta harpa bat entzuteko eta guzti, horretarako guztirako aukera eman baitzigun lagunarteko gauak".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia