euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagonia eta Mexikotik Euskararen Eguneko oihartzuna dator: bidaiak EHra, 'Lau Teilatu' esperimentala...

2008/12/18

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko kideak txango batean
Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko kideak txango batean

PUBLIZITATEA

Oraindik ere Euskararen Eguneko kontaketak heltzen ari dira geurera, munduko euskal etxeek egin zituzten ekitaldien berri emanez. Patagonian, adibidez, 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko kideek Euskal Herrira bidaia zozketatu zuten eta irabazlea Ramiro Kröeger izan zen, Río Gallegoseko Los Vascos tabernako jabea. Mexikon DFko Euskal Etxean bildu ziren euskaltzaleak eta euskara ikasle eta irakasleei omenaldia egin zieten. Gainera, eta Lazaro Valiente musikariak gidatuta, jaira bildu ziren ia 100 lagunek 'Lau Teilatu' abesti mitikoaren 'bertsio esperimentala' kantatu zuten.

Donostia-San Sebastián. Ramiro Kröeger, Rio Gallegoseko Los Vascos taberna ezagunaren jabea izan zen 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak Euskararen Egunean zozketatu zuen bidaiaren irabazlea. Txartela erosi zuten berrehun lagunen zenbakiak txapel batean sartu eta 070 zenbakia izan zen irabazlea, Kröeger-ena, hain zuzen ere. Bi pertsonentzako bidaiaz gain, irabazleak mila eurotako bidaia-poltsa ere jaso zuen. Los Vascos taberna orain dela 50 urte inauguratu zuten eta euskal komunitatearekin harreman estua duen lekua da. Preseski, tabernan bertan sortu zen Santa Cruzeko Euskal Etxea.

Jaiaren barruan afaria egin zuten --pintxoak eta babarrunak ziren menua-- eta nagusien eta txikien dantza taldeek lehen emanaldia eskaini zuten, Fernando Zurutuzak eta Susana Moyanok zuzenduta. Une hunkigarrienetako bat Domingo Urbieta ikurrinarekin sartu zenekoa izan zen. Mero Echandik 'Matxin Burdin' eleberriaren zati bat irakurri zuen euskaraz eta Musika Eskolako Koruak eta Bidelechea bikoteak kantaldia eskaini zuten.

Lau Teilatu esperimentala Mexikon

Mexikon DFko Euskal Etxea izan zen Euskararen Eguneko bilgune bertako euskaldunentzat. Ekitaldia joan den larunbatean egin zen, abenduaren 13an eta ia ehun pertsona bildu zituen, Mexikon bizi den Pablo Zulaica gasteiztarrak azaltzen duenez.

Bazkalostean euskal komunitate mexikarreko euskara irakasleek omenaldia jaso zuten: Gorka Larrañaga azkoitiarra, TEC eta Iberoamericana unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura irakaslea; Gabriel Ceballos, Euskal Etxeko irakaslea eta Ziortza Basaguren, Mexikora heldu berria, eta UNAM unibertsitateko klaseen ardura hartuko duena. Iñaki Ruiz Cuestak, Euskadiko ordezkariak, euren lana azpimarratu eta eskertu egin zuen. Pablo Zulaicak, bere aldetik, 'Cuéntame tu historia' aurkeztu zuen, Vascosmexico webgunean irakur daitekeen euskal-mexikarrei eginiko edota egin behar zaien elkarrizketa bilduma. 

Eta Mexikoko Euskararen Nazioarteko Egunari bukaera entzutetsua emateko, Lázaro Valiente musikariak Itoizen 'Lau Teilatu' kantaren bertsio esperimental bat gidatu zuen. Gabriel Ceballosek kantaren letra idatzita banatu zuen eta elkarteko kideekin entsaiatu zuen. Ondoren, Valientek  'giro tropikal-sonoro' bat sortu zuen, hamaika musika tresna eta ile-lehorgailu bat bezalako trasteen laguntzarekin. Denek elkarrekin, hasieran beldurti eta gero alai asko, Lau Teilaturen bertsio esperimental eta ziurrenik originalenetakoa sortu zuten. 

LOTURA INTERESGARRIAK

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxea, Rio Gallegos, Argentina
Centro Vasco "Hegoalde Argentinarra" Río Gallegos, Santa Cruz Argentina

México DFko Euskal Etxea, Mexiko
Centro Vasco-Euskal Etxea AC de México DF, México

Vascosmexico AC, Queretaro, Mexiko
www.vascosmexico.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia