euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagonia argentinarra: Barilocheko Euskal Etxeak bazkide eta lagunak bilduz ospatu du bere 38. urteurrena

2019/06/20

Mendiko Eusko Etxearen 38. urteurren jaia
Mendiko Eusko Etxearen 38. urteurren jaia

PUBLIZITATEA

Bariloche, Argentina. 38 urte bete ditu Barilocheko Mendiko Eusko Etxeak ekainaren 15ean eta afari batekin ospatu du Nahuel Huapi lakutik metro gutxitara kokatzen den bere egoitzan. Hirurogeita hamar bat lagun bildu ziren ospakizunean, etxeko menuaz gozatu eta Mendiko Dantzariak taldeko txikiek eskainitako euskal dantza ikuskizuna txalotzeko, ohorezko aurreskua tarteko. Topa egiteko unean, hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari etxeko lehendakari Stella Maris Larraburuk eta horren ostean urtebetetze tarta partekatu zuten bildutakoek (ospakizuneko argazkiak, hemen)

Urte berezia ari da izaten aurtengoa eta Patagoniako Euskal Etxeak elkarrekin egiten ari diren lanari esker, garrantzi handiko bi gertaera bizi izan ditu Elkarteak: batetik, FEVAren topaketa baten egoitza izan da, lehenengo aldiz, joan den martxoan euskal etxe barilochetarra eta, bestetik, bertako ordezkari bat Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide sartu da maiatzeko batzarrean.

Nazio eta eskualde mailan daukan presentziaz gain, herrian bertan ere oihartzun berezia lortzen duten ekitaldietako parte da Mendiko Euskal Etxea. Izan ere euskal elkartea Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdiaren elkarte antolatzaileetako bat da. Izan ere Facundo Galvan Euskal Etxeko kidea lehendakari duen Antolakuntza Batzordeak eginkizun polita izango du aurten, ekimena bere 40. ediziora iritsiko delarik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia