euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pastoral bihurtuko dute Katalina de Erauso monja abenturazalearen bizitza; euskal etxeei sostengu eskaria

2016/02/24

Katalina Erauso, komentutik ihes egin eta Ameriketan gizonez jantzita borrokan ibili zen donostiar abenturazalea
Katalina Erauso, komentutik ihes egin eta Ameriketan gizonez jantzita borrokan ibili zen donostiar abenturazalea

PUBLIZITATEA

Iparraldeko musikari, dantzari, aktore eta herritar talde batek Katalina Erauso euskal monja gudariari buruzko pastorala sortu du. XVII. mendean Erausok komentutik ihes egin eta Ameriketara joan zen, gizonez mozorrotuta, hamaika abentura eta borrokatan parte hartuz. Pastoralak bere bizitza harrigarria taula gainera ekarriko du eta horretarako finantziazioa eskuratzeko sostengu kanpaina jarri du abian munduko euskaldunen artean. Pariseko, Paueko eta Suitzako euskal etxeek babesa eman diote dagoeneko; antolatzaileek Diasporako gainerako elkarteei ere deia egin diete.

Baiona, Lapurdi. Iragan 2014ko otsailaz geroztik Katalina Pastorala Elkartea izeneko taldea lanean dabil Katalina Erauso pertsonaia ezagunaren bizitza taula gainean erakusteko. Taldea Iparraldeko musikari, dantzari, kantari eta aktore amateurrek osatzen dute eta aurtengo ekainean estreinatuko dute pastorala.

Katalina Erauso donostiarraren bizitza zirraragarria da pastoralaren haria. Erauso 1685 aldera jaio zen Donostian. Hiru urterekin monja sartu zituzten bera eta bere hiru ahizpak, baina 15 urterekin Katalinak komentutik ihes egin eta gizon jantziz Ameriketara joan zen.

1600an heldu zen Mundu Berrira eta han, gizonezkoz jantzita, soldadu eta marinel lanetan ibili zen. Ezpatarekin oso abila omen zen, baina hala ere zauri larri bat jaso zuen eta emakumea zela deskubritu zuten ingurukoek. Famatua egin zen eta bi urte eman behar izan zituen komentu batean preso. Gero Europara ekarri zuten eta Felipe IV erregeak ohoreak eta errenta bat eman zizkion. Urbano VIII Aita Santuak gizonezkoen jantziak erabiltzeko baimena eman zion. Berak Mexikora itzultzea erabaki zuen eta han bizi izan zen hil arte.

Baionan eta Donostian

Pastorala ekainaren 5ean estreinatuko da Baionan, eta irailean Donostira helduko da, elkarte antolatzaileko kide Jean Michel Etchart-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Muntaia handia izango da, pastoral guztiak bezala: ehun jokolaritik gora, 20 eszena, 220 bat bertso, musika, abesti eta dantzaz jantzita...

Hori guztia burutu ahal izateko elkarteak Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Kontseiluaren babesa du dagoeneko, eta baita beste zenbait euskal erakundeena. Bertan parte hartuko dute aktore, musikari eta teknikari gehienek musutruk egingo dute lan, ohi den legez, baina hala eta guztiz ere hainbat gastu tekniko ordaindu behar dira eta horretarako, elkarteak diru-bilketa kanpaina bat jarri du abian. Inguruetako negozio eta enpresa askok bat egin dute dagoeneko, eta baita zenbait euskal etxek ere (orain  arte Paris, Pau eta Suitzakoek). Elkarteak Diasporako gainerako euskal etxeei eta lagundu nahi duen edonori ere zabaldu nahi die pastoral zinez berezi honetan parte hartzeko deia.

Informazio guztia, pastoralaren webgunean: katalinapastorala.eus.

Hona proiektuaren aurkezpen bideoa:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia