euskal diaspora eta kultura
2013/06/03
PUBLIZITATEA
Moyobamba, Peru. Misiolari pasiotarrek Perun bete dituzten ehun urteen ospakizunen baitan erromesaldia egin zen maiatzaren 17tik 19ra, bi apezpiku --euskaldunak biak--ohoratzeko; izan ere orden honetako bi ordezkari nagusienetakoak izan ziren Venancio Orbe eta Santos Iztueta apezpikuen gorpuzkinak lekuz aldatu eta erromesaldian eraman dira probintziako hiriburu den Moyobambara, bertako katedralean behin-betiko ehorzteko, aditzera eman diote EuskalKultura.com-i Mendeurreneko ekitaldien antolatzaileek.
Erromesaldia Tarapoto herrian abiatu zen, beste euskaldun batek, Miguel Irizar ormaiztegitarrak, Callaoko apezpiku emerituak, eman zuen meza elizkizunarekin. Ondoren Moyobambara eraman zituzten gorpuzkiak erromesaldian. Bertako herritarrak kalera atera ziren euskal apezpikuei ongi etorria egiteko; jendetza bildu zen hiriko Armen plazan, eta baitaere gainerako kaleetan barrena egin zen ibilbidean, katedralerako bidean.
[Moyobambako herritarrek euskal apezpikuen gorpuzkinei ongo etorria egin zieten, tartean agintari zibil eta militarrak ere zeudela (argazkia Fondo Editorial Revista Oiga)]
Hilobiratzea Moyobamban
Katedralean meza elizkizuna egin eta ondoren bertan ehortzi zituzten gorpuzkiak; hain zuzen ere, Moyobambako lehen apezpiku izan zen Martin Elorzaren hilobiaren ondoan.
Venancio Celestino Orbe Uriarte Fruizen (Bizkaia) jaio zen, 1927ko apirilaren 6an. 1949an apaiztu zen, eta 1967 izendatu zuten Moyobambako prelatu eta ondoren gotzain. Kargua utzi zuen 2000. urtean eta 2008ko uztailaren 18an hil zen.
Jose Santos Iztueta Mendizabal, berriz, Donostian jaio zen 1929ko apirilaren 3an. 1952an apaiztu zen eta 1998an izendatu zuten Moyobamba – San Martingo gotzain laguntzaile. 2000. urtean monsinore Orbek kargua utzi zuenean Iztueta izendatu zuten bere ordezko. 2007ko abuztuaren 27an hil zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus