euskal diaspora eta kultura
2013/07/01
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Bi kontzertu eman zituen organo-jotzaile ospetsuak Rosario hirian, bata Santa Rosa de Lima elizan, bestea, Perpetuo Socorro delakoan. Zazpirak Bat-ek gonbidaturik, euskal etxeko kide eta lagunak ez ezik, Rosarioko musikazale ugari ere bertaratu ziren jardunbide handiko Pascual Barturen Uriartek ekainaren 16 eta 19an gauzatu ziren ekitaldietara.
Honako piezek osatu zuten aurkeztu zuen programa:
- Hilarion Eslabaren "Ave Maris
Stella", Preludioa eta Fuga
- Felipe Gorriti-ren “Sonata Re Txikian”
- Tomas de Elduayen-en “Nere maitea”,
seaska kanta
- Julio Valdes-en “Lau interludio”
- Jose Olaizola-ren “Ofertorioa”
- Jose Antonio de S.S-ren “Oyesus
gurutzera”
- Jesus Guridi-ren “Preludioa eta
Fantasia”
- Victor Zubizarreta-ren “Epitalamioa”
- Jose Luis Ibarzabal-en “Tocatta”
- Martin Gorostidi-ren “Toccata”
Hautatutako pieza guztiak euskal jatorriko konpositore erromantikoenak izan ziren bat izan ezik. Izan ere, kontzertuak ixteko, Tomas Aragües-ek moldatutako “Gora ta Gora Euskadi” ereserkia jo zuen Pascual Barturen-ek, jotzen hasi orduko publikoak zutik kantuz lagunduta. “Jendeak txalo handiz errezibitu zuen bisitari euskalduna. Geneuzkan aurreikuspen guztiak gainditu zituzten emanaldiek”, laburbildu diote EuskalKultura.com-i antolatzaileek.
Pascual Barturen Bizkaiko Bakio herrian jaio zen 1936an. Hamabi urterekin hasi zen abesten Gabiriako Pasiotarren Komentuan eta hortik aurrera etengabeko ibilbide bati ekin zion musikan bai Euskal Herrian baita Euskal Herritik kanpo ere. Goi tituluen jabe Eliz Musikan eta aditua Euskara eta Filosofian, organo jotzaile gisa herrialde askotan aritu izan da kontzertu-emaile, tartean, Euskal Herriaz aparte, Espainian, Frantzian, Argentinan, Kanadan eta Alemanian.
Irakasle ere aritu izan da Bilboko Kontserbatorioan eta konpositore isa musika korala sortu izan du, erlijiosoa nahiz profanoa. Bere jardunbidean azpimarratzekoa izan zen “Euskal Meza” diskoa argitaratzea, proiektuan Euskal Herriko herrialde guztietako musikariak partaide.
[Pascual Barturen Rosarioko 'Euskaldun hitza-Gora Euskal Herria' irratsaioko lagunekin. Ezkerretik eskuinera: Roberto Leiva aditua, Pascual Barturen Uriarte bera, eta Luis Maria Barrandeguy eta Cristina Aguirre, saioaren aurkezleak (argazkiaEE)]
Zazpirak Bat Euskal Etxetik jakinarazi dute Rosariora egindako bisitan 'Euskaldun hitza-Gora Euskal Herria' irratsaiora joateko gonbitea ere jaso zuela Pascual Barturen organistak, oso hunkigarri eta berezia izan zen saioa lortuz. Ekainaren 18an zuzenean eskaini zen saioan, Roberto Leiva aditua ere partaide, programa berezi bat prestatu zuten bere inguruan Luis Maria Barrandeguy eta laguntzaileek, musikari euskaldunaren ibilbide eta lana ezagutarazteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus