Mendoza, Argentina. 2020ko San Fermin jaiak bertan behera utzi behar izatea ez da batere erraza izan ez iruindarrentzat ezta munduan dauden nafar etxeetako lagunentzat ere. Izan ere, bereziki espero dute Diasporako hainbat eta hainbat sanferminzaleek uztailaren 7a, egun horretan --bilgarri diren-- jai ederrak antolatzeko, txupinazoa, dantzak, janaria eta, nola ez askotan erraldoiak eta buruhandiak ere barne.
Baina ohiko festak hondatu badira ere, horrek ez du esan nahi ezin direnik era batera edo bestera ospatu. Iruñean bertan horretan ari dira. Eta Diasporan, Mendozako Nafar Etxeari, adibidez, jolas bat antolatzea otu zaio, jendearen partaidetza eskatu eta bazkide eta lagunak entretenitzeko eta, aldi berean, ‘Nafarroako hiririk politena” hautatzeko.
Horretarako egunero (uztailaren 7ra arte) inkesta bat igoko dute sare sozialetara, bi hiriren artean erabakitzeko. Guztira Nafarroako 32 hirik hartuko dute parte, eta egunez egun, bat hautatuko da, bakarra gera dadin. Inkestan parte hartzen dutenek konta dezakete hiriok ezagutzen dituzten edota argazki adierazgarri bat igo dezakete. Inkestan parte hartzeko Facebookez behar da egin, #CentroNavarroDeMendoza ..
Baina Cuyo eskualde argentinarreko Nafar Etxeak txikienei begirako proposamen bat ere badauka. Helburua, “2020 sanferminen irudia” sortzea, afixa honetan agertzen den zenbakietara bidaliz. Elkarteak gero sare sozialetan zabalduko ditu marrazkiak.
Hilabete bat baino gutxiago falta da botako ez duten --ala?-- txupinazoaren hutsunea sentitzeko; Mendozako nafar gizataldeak, hala ere, ez du etsiko eta dagoeneko bestelako proposamen birtualak ari da prestatzen 2021eko sanferminetarainoko hutsunea ahalik eta hobekien betetzeko.