Laburmetraia galdera honi saiatuko da erantzuten: zergatik lotzen zaizkie hain estu argentinar iruditerian balio batzuk –tartean zintzotasuna eta lanaren kultura– euskal jatorriko jendeei? Erantzun baten peskizan, euskal kolektibitatekoak ez diren lagunen testigantzen bila abiatuko da Martin Jauregui, ‘kanpoko begirada’ bat lortzearren. Baliagarria izan daitekeen pasadizo edo kontakizunen bat baduzu, bidal ezazu, dokumentalaren parte izateko. Jasotako materialen artean, bi istorio onenak aukeratu eta sarituko dira.
Buenos Aires, Argentina. Proposamena Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzatik dator eta ‘Palabra de Vasco’ (Euskaldun Hitza) laburmetraierako materiala biltzea dauka xede. Deialdia euskal jatorririk ez duen pertsonentzat dago bereziki zuzenduta, eta helburua da euskaldunei buruzko pasadizoak kontatzea, baina euskal gizatalde kanpotik: “Istorioek, euskaldunei egozten zaizkien balio horiei lotuak behar dute izan, hala nola adorea, lana, hitza, ahalegina, zintzotasuna, adiskidetasuna... burugogorkeria… eta abarrekin” dio deialdiak.
Martin Jaureguiren esanetan, “dokumentalak Argentinako iruditerian sakontzeko asmoa du, balio batzuek zergatik duten hainbeste jenderentzat lotura sendo hori azaltzeko. Objektibitate handiagoa lortzeko, asmo gisa finkatu dugu, istorio horiek euskal kolektibitatearekin harremana bai baina euskal jatorririk ez duen jendearen ahotan, euren lekukotasunaren bidez batzea”.
Tankera honetako material eta pasadizoak konpartitu nahi dituzten lagunek palabravasco@gmail.com helbidera idatz dezakete edo zuzenean Euskadiren Ordezkaritzarekin kontaktatu. Dokumentalaren ekoizleek berehala aztertuko dute luzemetraierako baliagarriak diren ala ez. Jasotako materialaren artean bi pasadizo onenak hautatuko eta sari batzuk emango zaizkie, hala nola filmazioa zuzenean ikusteko aukera, pelikularen promozio materiala emango zaie eta estreinaldira bertaratzeko sarrerak.
Martin Jauregui zuzendaria, bere abizenak begi bistan uzten duenez, euskal jatorriko familia batean jaioa da; eta txikitan bere ‘amatxu’ren euskara entzuten omen zuen etxean. Berak aitortzen du: “euskal sustraiak ditut eta harro nago horretaz”. Jardunbide profesionalari dagokionez, Argentinako telebista publikoan ziklo dokumentalak zuzentzen ditu. Beste batzuen artean Historias de Mi País eta Geografías Argentinas, mitos, historias y secretos de un país liburuak idatzi ditu eta parte hartutakoa da bai telebista saioetan baita irratsaio askotan ere. Irakasle ere aritzen da kazetari eta dokumentalista den Jauregui.