euskal diaspora eta kultura
2012/11/23
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Iragan ostiralean inauguratu zen Donostiako San Telmo Museoan "Badu, bada” erakusketa, "Euskara mundu eleanitzean" lelopean. Erakusketak era erakargarri eta originalean aztertzen du euskararen egoera eta inguruko hizkuntzekin duen harremana. Alta, hori abiapuntua baino ez da; izan ere, antolatzaileen asmoa erakusketa bisitarien hausnarketekin osatzea eta aberastea da.
Fisikoki bertaratu ezin dutenentzako ere parte hartzeko espazioa sortu du erakusketak eta, horrela, www.badubada.com webgunearen bitartez mundu osoko bisitariek ere ikusi ahal izango dute. Horrez gain, internet bidez parte hartu ahal izango dute hainbat ataletan. Adibidez, “Zure ahotsa” delakoan hizkuntzari buruzko iruzkinak, hausnarketak, bideoak eta argazkiak bidaliz.
Bestalde, blogean eta www.badubada.com/badubadatzen ataletan erakusketaren inguruan sortu diren ekimen eta jardueren berri izango dute bisitariek. Ekimen horien artean aipagarria da museoan bisita fisiko gidatuak egingo dituzten euskaldun ezagunen parte hartzea: Iñaki Perurena, Harkaitz Cano, Luisa Etxenike, Mariano Ferrer, Ramón Etxezarreta, Itxaro Borda, Xosé Estévez eta Aizpea Goenaga, besteak beste.
Nazioartera mugituko den erakusketa
Donostiako San Telmo Museoak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu dute "Badu, Bada" eta lau hilabetez izango da ikusgai Donostian. Ondoren, datozen hilabeteetan, Etxeparek nazioartera eramango du erakusketaren bertsio ibiltaria. Besteak beste, Euskara eta Euskal Kultura irakurlegotzak ematen dituzten unibertsitateetan eta atzerriko jaialdi, kultur ekitaldi eta jardunaldietan izango da ikusgai.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus