San Frantzisko, AEB. Partaidetza politaz egin zen larunbatean, martxoaren 9an,San Frantziskon NABO Bertsolari Saioa 2024. Hasieran iragarrita zeuden sei bertsolariei —esan nahi baita Europatik gonbidatu iritsitako Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Maddalen Arzallus (Hendaia) eta eurekin batera programan zeuden Estatu Batuetako Johnny Curutchet (San Frantzisko), Martin Goicoechea (Rock Springs, Wyoming), Todor Azurtza (Boise) eta Oier Pastor-i (San Frantzisko)— azken unean New Yorken bizi den Nerea Eceiza batu zitzaien. Gai-jartzaile Mikaela Goicoechea gazte wyomingdarra aritu zen, eta bapateko moldaketa egiten ingelesera Xabi Paya, Valerie Arrechea laguntzaile. Sanfrantziskotarra Valerie bezala, Philippe Acheritogaray antolatzaile eta beharrezkoa-den-orotarako langile eta ongi-etorri emaile izan zen.
Hona saioaren bideoa:
Emanaldia berez 31' 43" minutuan hasten da. Mila esker San Frantzisko!
Hirugarren urtez segidan sasoi honetan San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, NABOren aterkipean egindako bertso saioa izan zen, Europako eta Estatu Batuetako bertsolariek bat eginik. Gogoratu 2022an NABOk Omenaldi berezia egin ziela agertoki berean Estatu Batuetako piknik eta euskal jaietan hamarkadetan ibilitako bertako bertsolariei. Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bildu ziren Euskal Herritik gonbidatu. Ikus EuskalKultura.eus-en kronika. Iaz ere saio polita antolatu zen, martxoan baita ere, Europako bertsolaria Xabier Euzkitze izan zela, bere seme Aner Peretzek azken orduko arazoak medio ezin izan baitzuen partaide aritu. Hemen kronika.
Aurtengoan beste bi bertsolari gonbidatu zituzten Euskal Herritik —Nerea Ibarzabal eta Maddalen Arzallus— eta bertakoak, berriz, belaunaldi beteranoko Martin Goicoechea eta Johnny Curutchet izan dira —Jesus Goñik ezin izan zuen etorri— eta eurekin batera Boisen Todor Azurtzak muntatuko Arnas Berri Bertso Eskolako hiru kide bertaratu ziren: Nerea Eceiza, Oier Pastor eta Todor Azurtza bera (ikus hemen Bertso Eskolari buruzko iazko artikulua). Gogoratu, azkenik, luzea dela bertsolarien lotura, kasu honetan Estatu Batuetako gure diasporarekin, XIX. mende hondarreko 'Californiako Eskual Herria' kazetako bertso idatzietatik euskal komunitateetan kantari aritu izan diren emigranteetaraino, eta bertako mendietan, konparazio, artzain ibili izan zirela Mañukorta eta Mixel Xalbador, eta bertako euskal jaialdietan bertsotan ibili izan direla Xalbador bera eta Mattin, Jon Enbeita, Ireneo Ajuria, Xabier Euzkitze, Oihane Enbeita, Estitxu Arozena, Zihara Enbeita, Jon Sarasua, Andoni Egaña, Xabi Paya, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Xabi Paya... bapatean bururatutakoak soilik aipatzearren.