euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza nabarmenez, Maipúko Anaitasunak arrakastatsu gauzatu du bere aurreneko Eskualdeko Mus Topaketa

2024/03/18

35 muslari bikote partaide jokatu zen martxoaren 2an Maipuko Anaitasunak antolatutako Lehenengo Mus Topaketa Erregionala
35 muslari bikote partaide jokatu zen martxoaren 2an Maipuko Anaitasunak antolatutako Lehenengo Mus Topaketa Erregionala

PUBLIZITATEA

Maipú, Argentina. Aspaldidanik da musa Maipuko Euskal Etxeak euskal kulturaren ondarea ezagutzera emateko antolatzen duen ekitaldietako bat. Anaitasunako muslariek Barne-Sailkatze Txapelketak antolatzen dituzte eta, urteetan zehar, euskal etxeetako txapelketa askotan parte hartu izan dute. Izan ere, Nestor Lazcano, Martin Elorriaga eta Roberto Mendiolaren eskutik, 1979, 1980 eta 1982 urteetan Argentinako ordezkari izan ziren Euskadiko eta Txileko munduko txapelketetan. Eta euren egoitzan bertan topaketa handi bateko anfitrioi izateko erronka pario zeukaten. Zorionez, parioari eutsi eta hilabete honen hasieran, martxoaren 2an, larunbata, Lehen Topaketa Erregionala bururatu ahal izan zuten. 35 bikote partaide, tartean zenbait txapeldun ohi, eta ekitaldia guztiz arrakastatsua izanik gainera.

 
Anaitasunaren Lehenengo Mus Topaketa Erregionaleko txapeldunak: Mauricio Milione (Chacabuco) eta Andres 'Pinky' Kearney (Cañuelas)

Txapelketako partaideak Cañuelas, Chascomús, Chacabuco, Rauch eta Ayacuchoko euskal etxeetatik bildu zitzaizkien, eta kasu batzuetan bikoteko bi muslariak leku desberdinetakoak izanda, bikote txapelduna kasu. 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko ordezkari etorritako Mauricio Milione chacabucotarra eta Cañuelaseko Andrés “Pinky” Kearneyk osatutako bikotea izan baitira Lehenengo Topaketa Erregionaleko txapeldunak. Txapeldunorde titulua Cañuelaseko Eduardo Makuch eta José Antonio Beloquik osatutako bikoteari egokitu zitzaien eta hirugarren postua Gustavo Gabriel Goyenechek eta Mario Arnaldo Ibargoyenek osatutako Raucheko bikoteak lortu zuen.

 
Maipuko muslari eta topaketaren antolatzaile Lucas Boigues, Juan Martin Elorriaga eta Facundo Saubidet, Cañuelaseko bikote txapeldunorde geratutako Eduardo Makuch eta José Antonio Beloquirekin

Antolatzaile lanetan, Lucas Boigues, Juan Martin Elorriaga, Facundo Saubidet eta Javier Urruspil arduratu ziren ehun lagun bildu zituen jarduera koordinatzeaz. Topaketa goiz hasi zen, ongietorri gosari goxo batekin, eta goizeko 8:30etan ekin zitzaion txapelketari. Eguerdian, tartea egin zioten ezinbesteko parrilladari. Jokoak gauera arte iraun zuen eta enpanada batzuk eta sari banaketaren ostean, agur esateko ordua iritsi zen. "Esperientzia ona izan zen oso, orain arte gure euskal etxean bizi izan ez genuen zerbait eta, beste behin, taldean lan egin ezkero, dena emaitza onekin egin daitekeela baieztatzen digu", aitortu dio EuskalKultura.eus-i Alicia Ithurrart EE maiputarreko lehendakariak. Orain, apirilaren 6an daukate ondoko hitzordua Anaitasunako muslariek, txapelketa nazionalerako Mus Sailkapen Txapelketako lehen partida jokatzeko.

Hori-Hori, Anaitasuna!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia