euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza nabarmena lagun bururatu dute Bakersfielden 2024ko NABO Biltzar Nagusia eta 50. Euskal Besta (I)

2024/05/27

Bakersfieldeko Euskal Etxeko kantxa ondoko taberna joan den asteburuan NABO Biltzar Nagusi & Bestan
Bakersfieldeko Euskal Etxeko kantxa ondoko taberna joan den asteburuan NABO Biltzar Nagusi & Bestan

PUBLIZITATEA

Bakersfield, Kalifornia, AEB. Asteburu oso jendetsu eta euskal elkarretaratze arrakastatsu baten ostean, gaur astelehena, programaren gehigarriaren txanda da, urtero bezala euskal komunitateko hainbat eta hainbat euskaldun eta lagunek hiriko Wool Growers ostatua beteko baitute, goizeko zortzi-bederatzietatik arratsaldera arte luzatuko den gosari/bazkari jarraituan, hemen 'brunch' (breakfast eta lunch arteko otordua) deitzen duten horren euskal bertsio handitu batean, festa giro nabarian, baliatuz gaur Estatu Batuetan jai dela ('Memorial Day'), azken agur 'ofiziosoa' ipiniz honela ostiraletik hirian garatu den 2024ko NABO Biltzar Nagusia eta 50. Euskal Bestari, ospagai ere bazela bertako Euskal Etxearen, Kern County Basque club-en, 80 urteurrena.

Karia horretara, datozen egunetan ohiko argazki eta irudi kronika egingo dugu EuskalKulturan, atalka, izan ere kronologikoki aipatzearren Wool Growers euskal ostatua bera, CSUB (California State Bakersfield University) unibertsitateko Doré Antzokia eta Euskal Etxearen egoitza zabala gertaleku nagusi izan dituzten ekitaldiak aipaturik. Gaurkoan irudi gainbegirada orokorra emango diogu asteburu luze honi, bihartik aipatu kronologiari ekinez. Hona jaiko lehenengo irudi horiek:


Ostegun goizean NABOk bere Biltzarra egin zuen: KCBCeko lehendakari Louis Iturririaren ongietorria


Bilkuraren ikuspegia. AEB, Kanada eta St Pierre eta Mikeluneko EEetako kideak dauzka NABOk


Ostiral arratsaldeko NABOren Bizi Emankorra sarien banaketa CSUB unibertsitateko Doré Antzokian


Larunbat goizean, 53 bikotek jokatu zuten NABOren Mus Finala Euskal Etxearen areto nagusian


BEO (Basque Educational Organization) bezalako erakundeek saltokiak ipini zituzten


Pilotak protagonismo handia izan zuen asteburu osoan, bertako eta Euskal Herriko pilotariekin


Bakersfieldeko euskal jatetxeak ere jendearen bilgarri izan ziren, argazkian Arduaindarren Benji's


Euskal Herritik gonbidatu etorria, Esti Markez kantariak eta bere taldeak hiru emanaldi izan zituzten


Euskal Etxeko sukaldari eta erretzaileek lan ederra egin zuten, haragi eta jateko ederrak prestatuz


Barneko eta kanpoko tabernak ere gelditu gabe ibili ziren asteburu osoan, EHko herriko festetan bezala


'Fighting Basques'-ek 2MGko Euskal Beteranoen proiektua esku artean duen NABOko batzordea (falta da Jonrie Etchemendy Davila)


Dantza programako zati garrantzitsua izan zen, San Frantzisko, Fresno, Chino eta Bakersfieldeko taldeekin


Larunbat gauez Solange Igoak eta bere talde Glitterfoxek eman zuen euskal kantuetako bat: Xalbadorren heriotzean


Jaurlaritzatik eta Argentinako FEVAtik bildutako lagunak Solange Igoa eta bere aita Pierre Igoarekin


Igandea, urtero bezala, egun berri bat izan zen eta jendea trumilka bildu zen Euskal Etxera


Aire zabalean, Euskal Etxearen zuhaiztian egindako mezak eman zion hasiera egunari, 900 lagun partaide


Euskarazko meza izan zen, ingelesa tartekatuz. Abesbatzak euskal kantu errepertorio polita eskaini zuen


Eta ondoren euskal piknika, zuhaiztiaren eta Euskal Etxearen eremu guztia beterik, familia giroan


Igandean ere dantza emanaldiak, San Frantzisko, Chino, Fresno eta Bakersfieldeko dantzariak lagun


Ikurrinaren eskaintza arratsaldean, bildutakoen txalo beroak sortaraziz


Eta igande gaueko dantzaldia, hemen aspaldiko lankide diren Luhartz talde bizkaitarraren eskutik

Lerro hauek idazten ari garela, astelehen goiza da Kalifornian, eta Wool Growers euskal jatetxea jendez mukurru da goiz-goizetik 'euskal gosari-bazkari' tradizionala, Euskal Herrian ere, baina hemen AEB Mendebaldeko arrantxuetan garai batean prestatzen zutena, aberatsa oso, arraultza frijituak, hirugiharra eta beste hainbat osagai gustagarri eta potenteak  dituena gustura jaten, giro paregabean. Asteazkenean segituko dugi asteburuak eman duena kontatzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia