euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza irabazita, berrehundik gora lagunek ospatu zuten Nevadako Elkon ohiko 'Artzainen dantzaldia'

2015/04/20

Harritu egin zen talde antolatzailea 200 lagunetik gora hurbildu zenean aurtengo Artzainen Dantzara, baina pozarren jaso zituzten denak (Argazkia: Euzkaldunak BC)
Harritu egin zen talde antolatzailea 200 lagunetik gora hurbildu zenean aurtengo Artzainen Dantzara, baina pozarren jaso zituzten denak (Argazkia: Euzkaldunak BC)

PUBLIZITATEA

Azken bolada batean partaidetza maila ahulduta, indar handiz egin da aurten Nevadako Elkon, bertan hamarkadetan ohikoa bezain arrakastatsua izan den 'Artzainen dantzaldia', ingelesez 'Sheepherder's Ball' bezala ezagutua den elkarretaratze eta jaia, Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko Cassandra Torrealday-k EuskalKultura.com-i esan dionez, ez zuten “hain erantzun handia espero” eta “benetan pozgarria” izan zen. Aurreko urtean, adibidez, 30 lagun batu zituen jai berak, diosku bozeramaleak.

Elko, AEB. “Jendeak interesa galdu zuen jai honetan, horregatik saiatu gara aurtengoari hauspoa ematen, zenbat proposamen gehituz klubean, eta argi dago emaitza onak eman dituela horrek”, adierazi digu Torrealdayk. Hala ere, jende oldea urrun zuten urteetan ere, “behar baino jateko gehiago prestatzen genuen, bada ezpada ere. Beti egon gara jendetza handiagoari ongi etorria emateko prest”, esan digu.

Ramon Zugazaga Euskal Etxeko presidente ohia da eta erretiratu arte izan da Elkoko Biltoki euskal jatetxe famatuko ugazaba. Bere esanetan, “hauek [Artzainen Dantza eta bere moduko jaiak] dira euskaldunok egiten doguzan gauza inportanteenak, batera egoteko balio deuskuelako”. Gernikan jaioa, joan den artzain festan “euskaldunak eta euskaldunak ez zirenak” erdi eta erdi izatea zelebratu nahi izan du. “Gauza ona da hori”.

Beste askotan bezala Zugazaga bera izan zen eguneko sukaldaria –“lagun batzuen laguntzagaz”, gehitu nahi izan du−, eta jatordu erakargarria prestatu zuen: txibiak tintarekin, untxia, bildotsa labean kozinatua, tripakiak, txerri hankak, amuarraina saltsa berdean… Arratsaldeko 17:30etan hasi ziren afaria zerbitzatzen eta, jarraian, Elkoko Arinak dantza taldeko eta Lamoille-ko Ardi Baltzako dantzariek emanaldia eskaini zuten. Jean Flesher-en banda izan zen gaua itxi zuena, gauerdira arte kasik euskal-amerikar aireak eskainiaz.

Alfonso eta Sott Ygoa, Musean txapeldunak

Finala jokatu zuten lau muslariak, Scott eta Alfonso Yoga (eskua gora) eta Javier Urquidi eta Andrés Lejardi (Argazkia: Euzkaldunak BC)
Ezkerretik, lehenengo eta laugarren, bikote txapelduna, Scott eta Alfonso Ygoa aita-semeak, bigarren saridunekin.

Jaia martxoaren 14an egin zen, larunbatez, eta biharamunean urteroko mus txapelketa antolatu zuen Euskal Etxeak eta, Alfonso eta Scott Ygoa aita-semeak izan ziren txapeldunak. Ondorioz, aita-semeek euren kluba ordezkatu ahal izango dute maiatzaren 30ean, Homedale-n (Idaho, AEB), egingo den NABOren Mus Txapelketen Finalean. Hamabost urtez ibili dira Ygoatarrak batera jokatzen eta hau izan dute lehenengo garaipena: “Ederra izan da –aitortu du Scott-ek−. Aitarekin NABOren finaletara joatea gauza berezia izango da, eta irabaztera joango gara. Nazioarteko Txapelketan parte hartu nahi dugu”.

Hemeretzi bikotek hartu zuten parte, aurreko urtean baino zazpi gehiago, eta bigarren postuan Idahoko Gooding-etik bildutako Javier Urquidi eta Andrés Lejardi geratu ziren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia