Vitoria-Gasteiz. Aholku Batzordea atzo astearte arratsaldean bildu zen Lehendakaritzan Iñigo Urkullu lehendakaria buru, bere eskuin-ezker Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu. Bilera Urkulluren harrera-hitzekin hasi zen, fisikoki bertan zeudenei, eta pantailen bidez urrunetik partaide zirenei. Munduko Euskal Etxeen ordezkari Arantxa Anitua (Argentina), Unai Lauzirika (Alemania) eta Jean Flesher-ek (AEB), esaterako, bakoitzak bere herrialdetik hartu zuen parte, Batzordeko beste kide batzuk bezala.
Lehendakariaren hitzek zabaldu zuten bilkura eta Marian Elorza ere bildutakoei zuzendu zitzaien, 2020ko balantzea egiteko. Baita Gorka Alvarez Aranburu ere. Covid-19ak eragindako egoeraren gogorra aipatu eta kontaktuak ugaldu eta hainbat bisita online gauzatzen ari direla Euskal Etxeekin, azaldu zuen; pandemia hastean arreta eman zitzaiela egoerak kanpoan harrapatu zituen hainbat euskal herritarri, Euskal Etxeekiko ohiko deialdi eta dirulaguntzek segitu dutela. Euskal Diasporaren Artxiboa martxa hartzen ari dela, Dantza Munduan programa abiatu dutela online, eta Euskal Diasporaren Egunak ere, bertsio egokituan, baina irailaren 8an bere hirugarren edizioa bete zuela, besteak beste.
Euskal Etxeetako ordezkari Unai Lauzirika, Arantxa Anitua eta Jean Flesherrek, Euskal Etxeen eskarmentua zein izan den laburbildu zuten, pairatzen ari diren arazo eta zailtasunen lekukotasuna eman eta egoerari ematen saiatzen ari diren erantzunak aipatuz. Batzordeko partaide da Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, eta Etxepareren ardurapekoak diren munduko EEetako euskara klaseetan egoerak zein eragin izan duen eta klaseak onlinera pasaturik geratu den panorama azaldu zuen, posible izan denean atibitate batzuk presentzialak egin badira ere, "beti ere tokian tokiko arauak errespetatuz".
Pandemia, oraindik indarrean segitzen duen arazoa eta egoera izanik, geroa planifikatzea ez da erraza, noraino iritsiko den eta noiz arte eta zenbateraino segituko duen ez baita gauza segurua. Proposamenak eta ekarpenak eskatu ziren, baina geroari begira funtsezko aldagarriak dilindan eta zalantzan daudela oraindik esan zen, Urkullu lehendakariaren hitzek bilera itxi aurretik.