Macachín, Argentina. Azaroko azken asteburuan bere 'Euskal Asteburua'ren bigarren edizioa ospatuko du Macachinek, herriko 'Euzko Alkartasuna' Euskal Etxea antolatzaile. Oraingo honetan omenaldia egingo die ingurura iritsi ziren euskal etorkinei. Egitaraua ostiralean, azaroaren 26an, hasiko da, ongi etorri afari batekin, eta larunbat arratsaldean, hilaren 27an, egingo du ekitaldi nagusia, Macachingo Independentzia Plazan, 28an amaitzeko.
Bertan, Gernikako Arbolaren inguruan, Macachinera heldu ziren euskaldunen omenezko hamar plaka oroigarri jarriko dituzte. Duela ia bi urte Euskal Etxeak abian jarri zuen “Euskal Sustraiak” programaren amaiera izango da ekitaldia. Programak memoria historikoa berreskuratzeko helburua zuen du eta, horretarako, 1860 eta 1960 artean Macachinera Euskal Herritik iritsi ziren ia 500 euskaldunen informazio zehatza bildudute. Omenaldia egingo zaie etorkin horien familiei eta partaide izateko gonbitea luzatzen zaie herrialde osoko euskal etorkin guztiei ere.
Omenaldia Iñaki Unamunori, dokumentala eta mus txapelketa
Ekitaldi berean, La Pampako Diputatuen Ganberak Macachingo Iñaki Unamuno bergararra probintziako "Herritar Ospetsu" izendatuko du. Bestalde, larunbatean,, arratsaldeko 4:30etan, 'Haritzetik caldenera' dokumentala estreinatuko dute. Pandemia garaian grabatutakoa da eta euskal etxearen historia kontatzen du.
Mus Txapelketa bat ere baitaratzen du programak. Larunbat goizean hasiko da eta Argentinako euskal etxeetako 50 bat bikotek hartuko dute parte, tartean daudela Villa María, Rosario, Buenos Aires, Mar del Plata, La Plata, Necochea, Laprida, Bahia Blanca, Santa Rosa, General Acha, Pergamino eta Trenque Lauqundik izena emandakoak. Pilota txapelketa ere egingo dute, larunbat eguerditik aurrera, La Pampako euskal etxe eta kluben eta Buenos Aires probintziako herrien partaidetzarekin. Igande goizean neska-mutil gaztetxoen pilota eskolen topaketa egingo dute bukatzeko.
Euskal dantzak eta jauzi tailerra
Euskal dantzek ere izango dute euren tartea Euskal Asteburuan. Larunbat arratsaldean, euskal etxeko bi dantza irakaslek Jauzi Tailerra gidatuko dute eta, ondoren, dantza eta haurrentzako jarduerak egingo dituzte Euskal Etxeko kirol gunean. Bahia Blancako eta Santa Rosako dantza taldeek baieztatu dute dagoeneko parte hartuko dutela. Larunbat gauean lagunarteko afaria partekatuko da eta itxiera, igande eguerdian gauzatuko da bazkari eder batekin. 2016ko Euskal Asteburuaren lehenengo edizioan bezala, aurten ere herrialde osoko euskal etxeak partaide etortzea igurikatzen duela adierazi dio Macachingo Euzko Alkartasunak EuskalKultura.eus-i.
-Macachingo Euzko Alkartasuna Facebooken
-Macachingo Euzko Alkartasuna Instagramen