euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaide euskaldunen esku hartze handiz amaitu zen Buenos Airesen II 'Congreso de laS lenguaS' delakoa

2007/07/24

Miren Azkarate sailburua ondoan Perez Esquivel duela (argazkia BasqueHeritage.com)
Miren Azkarate sailburua ondoan Perez Esquivel duela (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan Hizkuntzen II Kongresua egin dute Buenos Airesen, eta euskarak protagonismo nabaria izan du munduko hizkuntzen foro honetan. Alde batetik, Miren Azkarate Kultura Sailburuak Jaurlaritzako hizkuntz politikei buruzko mintzaldia eman zuen, eta bestetik, Euskal Herria Euskaraz eta Askapena elkarteetako ordezkariek ere euskara eta bere egoeraren berri eman zuten. Azkaratek, bere hitzaldian, hizkuntz politikak abian jartzeko gogoan izan behar diren klabe batzuk aipatu zituen: 'Ez dago arlo honetan nola lan egin esango digun errezetarik, baina behar-beharrezkoa da bi gauza kontutan hartzea: gizartearen beharrak ezagutu eta gehiengoaren nahia errespetatu behar da'.
Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak aurkeztu zuen Miren Azkarateren mintzaldia ostegunean. Sailburuak Euskal Herriari buruzko azalpen orokor batzuk eman zituen --geografia, historia...--, eta euskara hartu zuen ardatz jarraian. Koldo Mitxelenaren esaldi bat erabiliz, Azkaratek esan zuen hizkuntza politiken inguruan eman beharreko lehen pausoa 'gure hizkuntzak Europako eta munduko hizkuntzen artean duen lekuari buruz hausnarketa egitea' dela.

Hizkuntza plan bat aurrera eramateko, hizkuntza hori hitzegiten duen gizartea ezagutu behar dela gaineratu zuen euskaltzain oso ere baden Kultura sailburuak. 1981 eta 2001 artean eginiko errolda oinarri hartuta Azkaratek azken urteetan elebidun kopuruak gora egin duela erakutsi zuen, baina kezka azaldu zuen tartea gero eta handiagoa delako hizkuntza ezagutu eta erabiltzen dutenen artean.

Bertan azaldu zituen zenbakien arabera, elebidun gehien biltzen dituen adin taldea Euskal Herrian, 25 urteak bitartekoa da, eta datu hau etorkizunera begira positiboa dela esan zuen Azkaratek. Bere mintzaldia jarraitu zutenen artean Argentinako euskal komunitateko kide ugari bildu ziren, haien artean Euskadiko ordezkaria, Marieli Díaz de Mendibil, eta zenbait euskal etxe eta elkartetako kideak, tartean Euskaltzaleak, Eusko Kultur Etxea eta Laurak Bat-ekoak, Buenos Aires hiriburutik, eta Danak Anaiak Euskal Etxekoak, Bragadotik.

Euskara eta dantza tailerrak

[Goiko irudian Iraia Saez de Biterik eman zuen euskara tailerreko une bat (argazkia BasqueHeritage.com)]

Ostegunean bertan HABEko irakasle Iraia Saez de Biterik euskara tailerra eman zuen. Boga sisteman oinarritu zuen tailerra eta irakaslearen laguntzarekin entzuleek euren burua aurkezten ikasi zuten, eta elkarrizketa laburñoak egin zituzten euren artean, euskara ikasteko bidean lehen pausoa izan ohi diren urratsak.

Ostiralean, uztailak 20, Askapenako Gabi Basañezek eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkari Unai Larreategi eta Gorka Ovejerok hartu zuten euskal ordezkaritzaren lekukoa. Basañezek eta Ovejerok bi mintzaldi eman zituzten euskararen egoerari buruz eta eguna biribiltzeko euskara eta dantza tailerrak gidatu zituzten hiru ordezkariek.


Lotura interesgarriak

Hizkuntzen Kongresuaren Bloga
www.congresodelaslenguas.blogspot.com

Miren Azkarate eta euskal ordezkariak Hizkuntzen Kongresuan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 18an

'Frente de lucha campesino y Askapena'
http://barcelona.indymedia.org webgunean

Askapena erakunde internazionalista
www.askapena.org

Euskal Herrian Euskaraz
http://ehe.euskalerria.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia