euskal diaspora eta kultura
2014/04/14
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Diasporako hainbat puntuetatik euskal etxeetan Aberri Egunerako prestatzen ari diren ekitaldien berri ari zaigu iristen egunotan. Gehienek igande honetan ospatuko dute jaia, ohiturari jarraituz, baina zenbaitzuk datorren asteburua arte itxarongo dute, ahalik eta bazkide gehien bildu ahal izateko. Jarraian, hitzordu horietako batzuk.
Paris eta Habana
Frantzian, Pariseko Eskual Etxeak igande honetan bertan ospatuko Aberri Eguna. Horretarako honako egitaraua prestatu dute paristarrek: bazkaria, musikariek alaitua, eta ondoren "Dans leur jeunesse il y a du passé" luzemetraia. Zuzendaria, Elsa Oliarj-Ines zuberotar gaztea, bertan izango da lana aurkezteko eta ikusleekin solasteko.
Karibean, Kubako Habanako Euskal Etxeak ere igande honetan egingo du Aberri Eguneko festa. Bazkari bat egingo dute, irlako kultur gune batean, eta bertara 200 lagun inguru bilduko direla aditzera eman dute antolatzaileek. Festa honen hamargarren edizioa dute Kuban.
Caracas eta Valencia
Venezuelan, Caracaseko Eusko Etxeak ere igandean egingo du jaia. Eguna goizeko hamaiketan hasiko da, meza batekin, eta ondoren euskal eta venezuelar hereserkiak entzungo dira, dantza erakustaldi batekin lagunduta. Eguerdian pilota partidak jokatuko dira frontoian eta 15:00tan bazkaria egingo da.
Egun berean Venezuelako beste euskal etxe batek ere Aberri Eguna ospatuko du: Valencia-Caraboboko Euskal Etxeak. Hemen ere egitarua antzekoa izango da: meza, dantza erakustaldiak eta bazkaria.
New York eta New Orleans
AEBetan, New Yorkeko Euzko Etxeak ere bazkaria egingo du igande honetan, “Kristina eta Kristina” trikitilariek alaitua, gainera.
AEBetan ere, baina hegoaldean, Louisiana Basque-American Society & Cultural Organization elkarteak (LABASCO) New Orleans hirira deitu ditu bazkideak eta lagunak, Aberri Eguna igande honetan ospatzeko. Egitaraua honakoa: bazkaria Galvez jatetxean, musika eta dantzarekin girotua, eta ondoren elkarteko sortzaile Michel-Antoine Goitia-Nicolásek hitzaldia emango du Louisianako euskaldunei buruz.
Miami, Madril eta Sydney
AEBetan jarraituz, Miamiko Euskal Etxeak igande honetan piknika egingo du Aberri Eguna ospatzeko, Royal Palm Islands edo Angulo Lake deritzon gunean. Bertan bildutako dirua United for Joseba Fundraiser kanpainarako baliatuko da, Joseba Andoni Larrazabal mutikoari laguntzeko. Joseba itotzeko zorian izan zen hamaika hilabete zituenean, eta istripuak eragindako kalteek garapenean eragozpenak sortu dizkiote.
Madrilen, Euskal Etxeak ere igandean ospatuko Aberri Eguna, Sagardi jatetxean egingo den bazkari batekin. Munduaren beste puntan, Australian, Sydneyko Euskal Etxeak ere bazkaria egingo du igandean, Zilver Restaurant jatetxean (Level 1, 477 Pitt St, Sydney 2000).
Mexiko eta Vancouver
Aldiz, Mexiko DF-n datorren larunbatera, apirilaren 26ra, atzeratuko dute festa. Euskal Etxeak Polancoko egoitzara deitu ditu bazkideak eta lagunak, han urteroko Aberri Eguneko bazkariaz gozatzeko.
Kanadan ere Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeak larunbatean ospatuko du besta Burnaby hirian egingo den bazkari batekin. Menuan, lasagna, bakailaua bizkaitar erara eta arroza.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus