euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko Euskal Etxearen Elgar aldizkariak Euken Ostolaza kantari eta lagun euskaltzale handiari eskaini dio azala

2023/05/03

Pariseko Euskal Etxeko lagunek azken agur idatzia eman diote urtarrilaren 27an hildako Euken Ostolazari
Pariseko Euskal Etxeko lagunek azken agur idatzia eman diote urtarrilaren 27an hildako Euken Ostolazari

PUBLIZITATEA

Paris, Frantzia. Aste gutxi barru plazaratuko du, bi hilabetero Pariseko Euskal Etxeak Jean-Baptiste Héguy zuzendari argitaratzen duen Elgar aldizkari historikoak bere maiatz-ekaineko  zenbakia, baina hori gertatu aitzin azken aleari, 618.a egiten duenari nahi diogu erreparatu, eta bere azalari, osorik eskaintzen baitio Elgarrek Euken Ostolaza kantari, artista, euskaltzale eta pertsona handi zendu berriaren oroitzari. Igeldokoa sortzez, Donostia bihotzean zeraman euskalduna zen Euken, bere kantari karrerak Frantziara eta azken bolada luzean Parisera ekarri bazuen ere. Bertakotuta, Diasporako euskaldun petoa zen.

Irria beti ezpainetan, jantzia eta jasoa, eta era berean herrikoi eta herritarra zen, bere hizkuntza eta herriarekin sakon engaiatua. Begirada irribarretsu eta diztiratsukoa, Elgarrek aipatzen digu haren ohorez idatzitako hittzetan "Donostiaren ordezkari hauta" gisa. "Euskalduna, jatorra, eta bihotzez paristarra. Jakintsua, letraduna, historiaren zalea, beti alai eta maleziatsua, euskararekin meiteminduta, frantsesa miretsi eta gozamenez praktikatzen zuena. Txistularia gaztetan, Orfeoi Donostiarran tenore gisa sartu zen".


Radio France-ko Abesbatzak Euken Ostolaza gogoan egindako bideoa


Duela pare bat urte ETBko Biba Zuek saioan Euken Ostolaza eta Ana Elorzari egin elkarrizketa

"Gero, kantuak erakarririk, baita bere bidea atzemateko ere, eta familiaren zein gizartearen trabetarik libratu nahian, lan bila, lan bila erbesteratu egin zen. Lehenik Strasbourgeko operara, gero Versaillesko musika barrokoaren zentrora kontra-tenore gisa, gero Pariseko operara, eta azkenik Radio France-ren koru handira, egonkortzeko".

"Euskal Herriaren historiaz eta euskararen edertasunez mintzo zelarik, ezin isildua zen. Izan ere, atsegin hartzen zuen zehaztasun gutirekin edo gezurretan zebiltzatenei goxoki bereak errateaz".


Euken Ostolaza, Pariseko Anaiki koralarekin, Jean-Marie Guezala zuzendari, 'Pilota partida bat' kantari


'Euken' izenpean Euken Ostolazari buruz duela urte batzuk Frantzian egindako filma

"Gure [Pariseko Euskal Etxeko] jangelan friso handi bat eskuz margotu zuen. Eta selauru husteetan atzeman zituen antzinako koadroetan aurkezturik, gela osoa gure herriko irudi historikoekin apaindu zuen. Noizbehinka, antolatuak ziren kontzertuetan parte hartzen zuen. Beste behin ere, kantu eta ipuin kontzertu bat aurkeztu zuen, bere harpa ederraz lagundurik... Joan den irailean oraino, gela honetan kantatzen zuen. Hobeki bizitzeko baimena eman behar lukeen ebakuntza baten beha zegoen... zoritxarrez..."

"Teetan aditua zen, kabaret ikuskizunak antolatzeko gogoa zuen, eta erretreta sorterrian pasateko asmoa. Boz hau, irri zabal horiek, orotariko arte zein Euskal Herriarekiko maitasuna utziko dizkigu".

"Milesker guzi horrengatik, Euken. Luzaz egonen zara bai gure bihotzetan eta bai gure izpirituetan", bukatzen du Elgarrek Euken lagunari eskaintzen dion oroitzapen hunkituak. Goian Gugan Gogoan Bego Euken laguna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia