euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko Euskal Etxeak hasiko asteburu honetan Diasporaren partaidetza Korrika 23an: Diasporan ere euskararen alde!

2024/03/01

23. Korrika Euskal Herrian ,artxoaren 14tik 24ra izango da. Diasporan bihar bertan hasiko eta apirileraino luzatuko
23. Korrika Euskal Herrian ,artxoaren 14tik 24ra izango da. Diasporan bihar bertan hasiko eta apirileraino luzatuko

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Bi urtetan behin AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko ekimena Irundik aterako da martxoaren 14an eta hamaika egun geroago, martxoaren 24an, Baionara iritsiko da. Lasterketak 2.700 kilometroko egingo ditu Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena. Diasporako euskaldunek proposatu izan diote Korrikari programa ofizialeko ekitaldiren bat edo Korrikaren aurre-abiatze bat Diasporan gauzatzea, baina oraingoz erantzuna ezezkoa izan da. Bitartean, eusten diote euren izaera, indar eta bihotz guztiarekin eta aurten ere hainbat dira nazioarteko geografian zehar barreiatutako euskal etxe, irakurletza eta talde euskaltzaletan natolatutako atxikimendu eta ospatze eta korrika-egite hotzorduak. Hona guregana iritsi eta topatu ditugunak:

Paris, Frantzia
Eguna: martxoaren 2a
Programa: 16:30etan, Sacre Coeur-tik Euskal Etxera. Guztira, 3 kilometro egingo dituzte korrikalariek. Informazio gehiago, hemen.

Brusela, Belgika
Eguna: Martxoaren 9a
Programa: 14etan hasiko da jendea biltzen Bruselako Warendepark-en, Royal Park-en dagoen musika kioskoan, 14:30etan Korrika egiteko. 15etan pintxo pote euskalduna eta 16etan, Vlaams Huisen jarraituko du ospakizunak. Euskal Herrian, Bruselako euskaltzale talde batek, aurreko Korriketan bezala, kilometro bat erosi du, aurtengoa 974. kilometroa. Parkean aterako den dirua, kilometro hori ordaintzeko erabiliko da eta, beraz, zuzenean joango zaio AEKri. Ezin baduzu agertu baina lagundu nahi baduzu, kontu korrontea: BE45 0689 4615 3989. Informazio gehiago: iratxe.gea@telenet.be.

Bartzelona, Katalunia
Eguna: Martxoaren 16a, Passeig del Born-en
Programa: 10:30etan, Korrika txikia; 11etan, Korrika 23; 13:30etan, Can Batllora iristea; 15etan, bazkari herrikoia; 17etan, bazkaloste musikatua; 19etan, kontzertuak. Informazio gehiago, hemen.

Buenos Aires, Argentina
Eguna: Martxoaren 16a
Programa: 17etan Korrika 23, Plaza de Mayotik Euskaltzaleak egoitzaraino; 19etan, trikipoteoa San Telmoko kaleetan barrena

La Plata, Argentina
Eguna: Martxoaren 16a
Programa: 17etan, Korrika eta topaketa Euzko Etxeko Txokoan

Berlin, Alemania
Eguna: Martxoaren 16a
Programa: 13etan, Korrika 23 Kino Moviemento-tik Milchbar-era. Informazio gehiago, hemen.

Montevideo, Uruguai
Eguna: Martxoaren 16a
Programa: 15:30etan, Haize Hegoa Euskal Etxeko egoitzan. Informazio gehiago, hemen.

Montreal, Quebec
Eguna: martxoaren 16an
Programa: 6 kilometroko ibilbidea egingo dute Montrealeko toki ezagunenetatik pasatuz. Korrika bukatuta, poteoa, dantza emanaldia eta musika zuzenean. Ekitaldiaren berriak hemen eguneratuko dira

Tokyo, Japonia
Eguna: martxoaren 16a Korrika Tokyon.
Martxoaren 20an, berriz, Tokyoko Euskal Etxeko lagun talde batek Ermuan (Bizkaian) hartuko dute parte 23. Korrikan Japoniako Euskal Etxearen izenean.

New York, Estatu Batuak
Eguna: martxoaren 16a
Programa: New Yorkeko Euzko Etxea eta Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza antolatzaile, 12etatik 14etara Bartel-Pritchard Square-n. Parte hartzeko, eman izena hemen.

Madrid, Espainia
Eguna: martxoaren 16a
'Korrika Txulapoa' du izena. Programa: Korrika goizeko 10etan hasiko da Unibertsitate Complutenseko Filologia Fakultateko A eraikinean eta honako ibilbidea izango du: Avenida Complutense - Ciudad Universitaria metroa. - Arco de la Victoria etorbidea - Moncloa plaza - Isaac Peral - San Francisco de Sales - Guzmán el Bueno - Juan Vigón - Jesús Maestro - Jesús Maestro Hizkuntza Eskola Ofiziala - Islas Filipinas - Bravo Murillo - Quevedo plaza - Fuencarral - Montera (Hotel Senator) (“Gernikako Arbola” kantatuko da) - Puerta del Sol (argazkia egingo da hartzaren eta gurbitzaren ondoan) - Alcalá - Cedaceros - Los Madrazo - 12:00etan (gutxi-gorabehera) Euskal Etxera iristeko (Jovellanos). Bertan Korrikaren adierazpena irakurriko dute. Ibilbidearen mapa, hemen. Antolatzaileak: Unibertsitate Complutenseko Euskal Ikasketen Saila, Jesus Maestro Hizkuntz Eskola Ofizialeko Euskara Departamentua eta Madrilgo Euskal Etxea. Azkeneko edizioan, Madrilgo Hiriak ez zion baimena eman, baina egin zen. Aurten ere baimena ukatu diote, baina antolatzaileek argi dute euren borondate irmoa egitea dela.

Mexiko Hiria, Mexiko
Eguna: martxoaren 17a
Programa: 13etan Ciceron kaleko ‘Camellon-ean’, Gernikako Arbolaren Kimuaren ondoan; 14:30etan, herri bazkaria; 16:30etan, bazkaloste musikatua. Informazio gehiago, hemen.

Lima, Peru
Eguna: martxoaren 17a
Programa: 10etan, Maria Reich parkean bilduko dira 11etan Korrikari hasiera emateko. Maria Reich parketik ‘Faro’ra joango dira, Korrikaren pankarta eta petaok eramanez. 13etan, Euskal Etxera iritsiko dira eta Joana dantzariak Aurreskua dantzatuko die korrikalariei. 14etan bazkaria eta 16etan Etxeko Abesbatzak emanaldia eskainiko du. 

Valentzia hiria
Eguna: martxoaren 23an
Valentziako Euskal Etxean. Programa: 11:30etan, pintxopotea; 12etan, herri kirolak; 13etan, Korrika; 14:30etan, herri bazkaria; 17etan, kontzertua: Abian, Sa Pena, Etxebarriak aita-seme trikitilariak, DJ txikia. Informazio gehiago, hemen.

Santiago, Txile
Eguna: martxoaren 23a 
Programa: goizeko 9etan bilduko dira Korrikalariak, Parque Forestalean. Hortik Plaza Italiara, Parque Bustamantera eta azkenik Euskal Etxera iritsiko dira 5 kilometro ibili ondoren. Euskal Etxean bazkaria eta arratsaldean festa. Ekitaldi honi buruzko berriak, link honetan. Euzko Etxea eta Euskadiren Ordezkaritza antolatzaile. 

Mallorca, Illes Balears
Eguna: Apirilaren 14a
Programa: 12etan, Mallorcako Artea Euskal Etxeko Son Rapinyako pilotalekuan, herri bazkaria, musika eta dantza ikuskizuna, Obra Cultural Balear erakundeko Antoni Llabrés-en hitzaldia (baieztatzeke).

EuskalKultura.eus-en ahalegin handi bat egiten dugu zu informatuta eukitzearren, baina ezinbestekoa zaigu zure lankidetza: jakin ezazu baliotsua dela beti guretzat. Pentsatzen dugu (baieztatzeke) aurten ere euskal australiarrek euren Korrika antolatuko dutela Sydneyn eta Euskal Australiar Alkarteko lagunak korrituko dutela Bizkaian, eurak erositako kilometroan; Bruselako lagun euskaltzale talde batek egiten duen moduan. Berritzen joango gara artikulu honetako informazioa. Beraz, ez baduzu bertan zure Euskal Etxeko informazioa ikusten, edo Diasporan zure lagun taldeak Korrikarekin bat egiteko asmoa badauka, esaguzu info@euskalkultura.eus-era idatziz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia