euskal diaspora eta kultura
2013/11/08
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Festa egitarau zabal prestatu du Pariseko Eskual Etxeak (PEE) datozen bi asteetarako, Saint Ouengo egoitzak bete berri dituen hamar urteak ospatzeko. Jarduerak gaur zortzi abiatuko dira, azaroaren 15ean, euskal etxearen egoitzan egingo den zine emanaldiarekin. Horretarako elkarteak "Gartxot" animazio luzemetraia aukeratu du, eta arratsaldeko zazpietan hasiko da saioa, euskarazko jatorrizko bertsioan, frantses azpitituluekin.
Biharamonean, larunbatean, auzoko elkarteekin kultur saioak egingo ditu PEEk. Arratsaldeko ordu bietatik aurrera ihauteri mozorro lantegia antolatu da, Perles & Pollens elkartearekin lankidetzan. Euskal mitologia eta ihauteri ohiturei buruzko solasaldia ere eskainiko da. Aldi berean, ordu bietan hasita, Morokoko pastel lantegia eskainiko du Association Culturelle Marocaine taldeak. Ondoren, lauetan, munduko musika tresnei buruzko lantegia egingo da.
Anaitasun eta auzo lankidetza egun honi amaiera emateko, afaria egingo da euskal etxean, nazioarteko jakiekin eta munduko musika emanaldi batekin. Ondotik, gaueko hamarretan, Berri Good taldeak kontzertua eskainiko du eta dantzan jarriko ditu elkartera biltzen diren lagunak.
Igandean, azaroaren 17an, eguna meza batekin abiatuko da, St. Ouengo Notre Dame du Rosaire elizan, 10:30tan. Eguerdian aperitifa egingo da elkartearen egoitzan eta mutxiko dantzaldian parte hartu ahal izango dute bazkideek eta bisitariek. Eguerdiko ordu batetan bazkaria egingo da, euskal animazioarekin (lekua gordetzeko, 01 40 10 11 11 telefonora deitu).
Zinea, bertsoak eta argazki erakusketa
Festak jarraipena izango du hurrengo asteburuan, eta ostiralean, azaroaren 22an, zine emanaldia egingo da, "Gazta zati bat" dokumentalarekin. Arratsaldeko zazpietan izango da eta bertan izango da filmaren zuzendaria, Jon Maia bertsolaria, lana euskal etxeko kideei aurkezteko. Ondoren, bertso afarian bilduko dira ikusleak eta elkarteko bazkideak, Maia bera kantari.
Larunbatean, azaroaren 23an, dantza erakustaldia emango du 'Etorkizuna' taldeak Saint Ouengo Jean Jaures aretoan, 21:00etan.
Bestalde, azaroaren 16tik 23ra Igotz Ziarreta argazkilariaren lanen erakusketa egongo da ikusgai Eskual Etxean. Ziarreta elkartearen 10. urteurreneko festaren afitxaren egilea da eta euskal gaiei buruzko argazki sail zabala egin du azken urteetan, Bartzelonako Euskal Etxearekin lankidetzan.
Festari buruzko informazio gehiago, Pariseko Eskual Etxearen webgune berrian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus