euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko euskal elkarteen urteurren jaian Eskualdunak-en 100 urteak ospatu zituzten, besteak beste

2013/03/18

Elgar aldizkariak, Pariseko Eskual Etxearen berri buletinak urteurreneko hainbat argazki argitaratu ditu (argazkiak Elgar)
Elgar aldizkariak, Pariseko Eskual Etxearen berri buletinak urteurreneko hainbat argazki argitaratu ditu (argazkiak Elgar)

PUBLIZITATEA

Pariseko Eskual Etxearen berri buletinak, Elgar aldizkariak, elkartean hilabeteotan egin diren ekimenen berri eman du azken alean. Horien artean aipagarria da Saint Oueneko egoitzan egin zen euskal elkarte paristarren jaia: aspalditik dira euskaldunak Frantziako hiriburuan eta horren erakusle dira, esaterako, Eskualdunak elkarteak bete dituen ehun urteak. Elgar aldizkariak berak 80 urte bete ditu; beste hainbeste Gernika abesbatzak. Aldiz, Sustraiak euskara taldeak 30 urte ditu eta Anaiki abesbatzak 25. Zorionak denei!

Paris, Frantzia. Pariseko Eskual Etxea gazteagoa bada ere, egun elkarte hau osatzen duten talde euskaltzaleek makina bat urte daramate Frantziako hiriburuan euskal kulturaren alde lanean. Gauzak horrela, iragan urtarrilean euskal etxeko bazkide eta lagunak pozik bildu ziren elkarte horien urteurren jaiaz gozatzera. Giroa ezinhobea izan zen, Elgar aldizkariak adierazi duenaren baitan, eta musika, dantza, umore ona eta ondo pasatzeko gogoa izan ziren nagusi.

Urteurrena betetzen zutenen artean, azpimarragarria da Eskualdunak elkartearena: ehun urte! Munduan zehar, gutxi dira halako marka lortu duten euskal etxe eta elkarteak. Gernika koruarena eta Elgar aldizkaria ere ez da makala: 80 urte. Orobat, Sustraiak-Erroak euskara taldeak 30. urtemuga ospatu zuen eta Anaiki koruak 25. urteurrena.

Jaia Elgar aldizkariari buruzko hitzaldi batek abiatu zuen. Aldizkaria 1932an sortu zuen Paul Legarraldek eta egun Sebastian Daguerre da zuzendaria, Maryse Lartigue erredakzioburu duela. Hitzaldian, buletinetik igaro diren hainbat lagunek parte hartu zuten. Beste ekitaldi azpimarragarri bat Anaiki eta Gernika abesbatzek eta Sustraiak-Erroak taldeko ikasleek eskaini zuten ikuskizuna izan zen. Festako afarian Pierre Oteiza enpresako gutiziak dastatu ahal izan zituzten bertaratu zirenek eta, afalondoan, Gasteizko Akelarre taldeak kontzertua eskaini zuen. 

Zuzendaritza berria

Bestela, aipatu urtarrilaren 27an hauteskundeak egin zirela elkarteko zuzendaritza berritzeko. Honako bazkide hauek izan ziren hautatuak, Idoia Caserta buru, bi urteko agintaldirako: Idoia Caserta, Elisabeth Caserta, Corinne Bordalecou, Isabelle Garay, Jean Tillous, Beatrice Gette, Christophe Maurou, Marie-Christine Baptiste, Serge Haure, Florence Teixeira, Daniel Casado, Rowena Larrette, Dephine Gonzales, Marie Joyeux, Maria Vieira eta Josephine Trinquet. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia