Iparraldeko ikastolen aldeko festa egin zuen Pariseko Eskual Etxeak iragan maiatzaren 30ean eta lagun asko bildu ziren bertara, egun ederra pasa eta aldi berean euskarazko irakaskuntza sustatzera. Elkarteak makina bat jarduera egin zituen: jolasak, musika eta dantza emanaldia, bazkaria... Bertan bildutako dirua Seaska ikastolen elkarteari helaraziko dio euskal etxeak. Asteburuan ere festa giroa izango da, Txikito de Cambo frontoian egingo den Euskal Jaiari esker.
Paris, Frantzia. Seaskak, Iparraldeko ikastolen elkarteak, urtero egiten du festa Senpereko lakuan, eta Euskal Herriko milaka euskaltzale hara biltzen dira, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolei bultzadatxoa emateko. Halarik ere, Senpere Parisetik urrun xamar dagoela eta, Pariseko Eskual Etxeak Iparraldeko ikastolen aldeko festa etxera ekartzea erabaki zuen eta ekitaldi berezia egin zuten iragan maiatzaren 30ean.
Pariseko Herri Urrats arratsalde partean abiatu zen, euskal etxeko patioan. Eguneko egitaraua zabala izan zen: filmak; herri kirolak eta jokoak, bai haurrentzat eta bai helduentzat; euskal dantza lantegia eta ikuskizuna, Pinpirinak haurren taldearekin; eta kontzertua Pariseko Liliak taldearekin. Talde hau eskual etxeko neska gazte batzuek osatua da eta arrakasta itzela izan zuen euren saioak.
Euskal Jaia asteburuan
Asteburuan ere euskal giro itzelaz gozatzeko aukera izango da Parisen, Eskual Etxeak antolatu duen Euskal Jaiari esker. Txikito de Cambo frointoian egingo da (Quay St. Exupery), Sena ibairen ibarrean, larunbat eta igandean. Egitaraua zabala da: dantza, musika, herri kirolak, pilota partidak, sukaldaritza lantegiak, koralak...
Egitarau osoa, hemen.