Donostia-San Sebastian. Hiruren artean Parisekoa izango da gehienek hobekien ezagutzen dutena, horretarako baita Paris Frantziako hiriburu. Frantsesez Maison Basque de Paris esaten dioten 'Eskual Etxea' Baionako Elizbarrutiaren itzalpean sortu zela esan daiteke, bere sorreran zerikusi handia izan baitzuen Elizak eta partikularzki orduan Parisen apez zen Piarres Xarriton gazteak. Eskual Etxeari loturik, hasieratik ukan izan du Parisen Baionako Elizbarrutiak apez euskaldun bat, eta anekdota gisa esan daiteke gero Ameriketara, euskaldun amerikanoen apez izateko joan direnetako asko lehenago Pariseko euskal etxeko omonier edo kapelau izan direla; baina hau beste ixtorio bat da. Gauza da, lehenago eta XIX. mende hondar-hondarrean eta XX. hasieran ekimen aitzindariak sortu baziren ere, 1952ean hasi zela ipintzen euskaldun gazte talde bat, 1955ean eraikin oso bat eta euskal etxe sendo eta ekimentsua bilakatuko zenaren oinarria. Parisen mende erdi batez euskaldunen erreferentzia fisiko eta izpirituzkoa izan den Eskual Etxea.
[2009ko azaroaren 11ean bisita luzatu dio Pariseko Eskual Etxeari Jaurlaritzako ordezkaritza batek, Julian Celaya Kanpoko Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendariak, bere bulegoko Benan Oregi eta Andoni Martin teknikariak lagun]
Mende erdi batez, denborak gauzak aldatzen baititu eta 2003an Eskual Etxea beste eraikin batera pasatu zelako, aurrekoan, Paris erdian, auzokoekin zarata arazoak sortu zirelako, autoa uzteko aukerarik ez zegoela eta honelako arrazoiak medio. Haatik 2003an, Saint Ouen-era pasatu zen euskal etxea, etxe handi batera, bertara metroz aise iristeko modukoa, bertan gutxienez beste berrogeita hamar urte segitzeko. Pariseko Eskual Etxeak itzalpean beste hainbat elkarte biltzen dituen aterkia da, bakoitza kultura edo ekinbide jakin batetara zuzendua. Hor topa ditzakegu, besteak beste:
-Eskualduna (1912an sortutako elkartasun elkartea)
-Gazteria (talde folklorikoa, 1975ean sortua)
-Zabaltzen (gazte elkartea, 1997an sortua, kultura, artea, jaiak sustatzen dituzte)
-Gernika (abesbatzen kantua eta dantza puxatzen du 1932az geroztik)
-Sustraiak (euskara sustatzeko, 1982an sortua)
-Lokarria (elkarte gizatiarra, 1990.ean sortua)
-Hegoa (abesbatz mistoa, 1992an sortua)
-Anaiki (gizon abesbatza, 1987an sortua)
Euskal Etxearen instalazioek 2.800 metro koadro biltzen dituzte Saint Ouenen, elkarren ondoan dauden bost eraikinetan banatuta. Horien artean 30 urtez beheitiko gazte ikasle eta langileentzako aterpetxe edo ostatu bat dago, 20 gela eta 30 ohe dituena. Oro har, erakundeak hainbat ekimen garatzen ditu, tartean musika eta dantza arlokoak, emanaldiak, eskolak, folklorikoak, euskara klaseak, festa eta elkarretaratzeak, liburutegia, eta abar. Hauxe du webgunea: www.eskualetxea.com.
Bordeleko Eskual Etxea
'Bordeleko Eskual Etxea' edo frantsesez Maison Basque de Bordeaux deitzen dutena, bere aldetik, euskal elkarte eta erakunde aktiboa da Bordelen, Hirian zinez integratua eta hiriko aktibitateetan partzuer izan ohi dena, aldi berean kilometrotan hurbil den Euskal Herriarekin harreman zuzenean. Ez da ahantzi behar Bordele Akitaniako hiriburua dela eta Ipar Euskal Herria Akitaniako parte dela frantses banaketa administratiboan. Bordeleko Eskual Etxearen baitan bereixten ahal ditugu Eskualdunen Biltzarra eta EGIA edl euskal estudianteen elkartea.
Horietarik lehena da Eskual Etxearen funtsa eta 640 bat bazkide baitaratzen ditu, urtean zehar ekitaldi andanatxo bat antolatuz, hala nola haur eta helduentzako euskara eskolak, mezarako korala, bi abesbatz, haur eta helduentzako euskal dantza ikastaroak, euskal kulturara hurbiltzeko saioak, polita, musa, hitzaldiak...
1947an sortua, Eskual Etxeak 1967an erosi zuen egungo eraikina. Jaurlaritzak 1998an onartu zuen ofizialki elkartea. Batzordeka, gaika beraz, antolatu da, hala nola festa batzordea, dantza batzordea, Gau Eskola, pilota, mutxikoak... Ber denboran bulego iraunkorra dauka eta hilabetean behin biltzen den 20 partaideko Biltzarra.
Urtero eratzen dituen ekitaldien artean daude Olentzeroren bisita, mus txapelketak, euskal pastiza txapelgoa, tripotaren (odolkiaren) eguna, elkarteen bazkaria, Gau Eskola Euskal Herrian, Musikaren Eguna, Lurdera bidaia, Ondarearen Eguna, Biltzar Nagusia... Beste ekitaldi batzuk aldian aldikoak izan daitezke, hala nola kontzertu eta hitzaldiak edo literatur ekitaldiak, esaterako duela gutxi Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkerarekin antolatutakoak. Elkarteak hilabetekari bat ateratzen du, hilabetean bitan irratsaio batean hartzen du parte, bi hilabetean behin Agur aldizkaria kaleratzen du eta webgunea ere badauka: www.eskualetxea.org. 2008an Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egunean banatzen duen ENE Saria jaso zuen.
Lagunt eta Maita, Paueko Euskal Etxea
Paueko 'Lagunt eta Maita' Eusko Jaurlaritzak ofizialki euskal etxetzat onartutako azkeneko elkarteetakoa da, joan den abenduaren 9an hain zuzen. 1967an sortu zen Jacques Etchebarneren etxean, Jurançon-en, kantxa eta guzti daukan etxe batean, eta geroztik bertan izan du beti egoitza, baita gaur egun ere, nahiz eta elkartea egoitza berri baten bila ari den.
[2009ko azaroaren 9an Julian Celayak, Benan Oregik eta Andoni Martinek Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxeko zuzendaritzakoak bisitatu zituzten]
Zortzirehun bat familia eta 2.500 bat kide biltzen ditu, Pauekoak eta Biarno inguru osokoak. Ez da ahaztu behar hau dela --Logroñoko euskal elkartearekin batera-- Euskal Herritik hurbilen dagoen euskal etxea. Are gehiago, Paue Biarnoko hiriburua da eta baita Ipar Euskal Herria bere baitan harten duen Pirineo Atlantikoetako departamentuko hiriburua ere. Departamentu hau Akitania osatzen duten bost departamentuetako bat da. Euskal Etxe bat Pauen, beraz, eta beste bat Akitaniako hiriburu den Bordelen.
Garatzen dituen ekimenak euskara eskolak dira batetik, berrogei ikasle dituen gau eskola baitauka, eta hein handi batean euskal kultura tradizionalari dagozkionak bestetik: dantza haur, gazte eta nagusientzat; kantua lantzen duten talde desberdinak, gizonenak, emazteenak, ahotsak instrumentuekin...; pilota eskola eta partidak, 350 bat pilotari tartean; mus partidak, 27 bat bikoterekin; txistu klaseak, internet klaseak...
Euskal Herriaren hain gertu egoteak, bereziki Xibero ondoan egoteak, kasu batzuetan Euskal Herriko ekitaldi batzuk bertara luzatzea ekar dezake, eta baita alderantziz ere, bertakoak Euskal Herriko ekitaldietara biltzea. Bereziki behar dugu hemen aipa duela urte batzuk Pier-Pol Berzaitzek taularatu zuen 'Elkanoren semeak' pastoral ikuskizuna, euskal emigrazioari eta ameriketaratzeari buruzkoa, zeina Lagunt eta Maitako kideen partaidetza medio egin ahal izan baitzen.
Paueko Euskal Etxearen webgunea: www.laguntetamaita.fr
Julian Celaya Eusko Jaurlaritzako Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria eta bere bulegoko Benan Oregi eta Andoni Martin teknikariak joan den azaroaren bisitatu zituzten hiru euskal etxe hauek, azaroaren 9an (Paue), azaroaren 10ean (Bordele) eta azaroaren 11ean (Parise).